Haur Hezkuntzako irakasle bat ikertzen ari da Gasteizko Instrukzioko 3. Epaitegia, haurren aurkako sexu-abusu salaketa batzuk direla eta. Arabako fiskal nagusi Josu Izagirrek atzo berretsi zuenez, 3 eta 5 urte bitarteko haurrei eragiten die auziak, eta horrek zaildu egiten du ikerketa: «Ia ezin dute hitzez adierazi gertatu zaiena». Sekretua ezarri diote sumarioari.
Ez da irakasle hori ikertzen duten lehen aldia, 2012-2013ko ikasturtean ere salaketa jarri baitzion 3 urteko neska baten aitak. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ikerketa abiatu zuen orduan, eta zentroko arduradunek zaintza berezia ezarri zioten irakasleari. Jaurlaritzak ez ezik, Adingabeen Fiskaltzak, EAEko Arartekoak, Gasteizko Udalak, osasun zerbitzuek eta ikastetxeko zuzendaritzak ere parte hartu zuten prozesu hartan, baina auzia artxibatu egin zuten, ez baitzuten frogarik aurkitu.
Iaz, sexu eraso berrien zantzuak antzeman zituen Gasteizko Udalak, eta horiek dira fiskaltzak abiarazitako ikerketaren oinarria. Auziak, baina, kalapita sortu du erakundeen artean. Hala, Hezkuntza Saileko Arabako ordezkari Blanca Guerrerok adierazi du fiskaltzak ez diela prozesuaren berri eman, eta, ondorioz, ez dutela ikertutako irakaslearen kontrako neurririk hartu: «Fiskaltzaren komunikazioak iraunkor eta jarraia izan beharko luke, eta ez da hala izan». Izagirrek erantzun dio 2014ko urrian bilera egin zutela Fiskaltzako eta Hezkuntza Saileko ordezkariek eta auziaz hitz egin zutela, baina hori ere ukatu du Guerrerok: «Bilera hartan, artxibatutako auziaz hitz egin zen, ez salaketa berriez».
Sexu abusua
Jaurlaritzak behin-behinean kargutik kendu du haurren aurkako sexu abusuak egiteagatik salatutako irakaslea
Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak adierazi du gaur bertan hartu dutela erabakia. Irakaslea kargutik kenduko dute sexu abusuak egin zituen edo ez jakin arte. Neurri hori "hezkuntza komunitate osoa babesteko" hartu dutela azaldu du Uriartek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu