gizartea

Jaurlaritzak berretsi du ez dituela Espainiaren murrizketak beteko

Irakasleen eskola orduak pilatzeari eta ordezkapenei uko egiteari eta unibertsitateko aurrekontu egonkortasun planari behintzat jarriko die helegitea. Osasun arlorako errege dekretua erabili izana ere gaitzetsi du.

2012ko maiatzaren 7a
13:22
Entzun

Isabel Zelaa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak eta Rafael Bengoa Osasunekoak baieztatu dute ez dituztela Espainiako Gobernuak bi alor horietan egin nahi dituen murrizketak, Jaurlaritzaren eskumenak urratuko liratekeela argudiatuta. Gainera, Espainiako Auzitegi Konstituzionalean helegite batzuk aurkeztuko dituztela jakinarazi dute, Bilbon emandako prentsaurreko batean —Patxi Lopez lehendakariak ostiralean aurreratu zuen Konstituzionalera joko dutela—.

Jose Ignacio Wert Espainiako Hezkuntza ministroak apirilaren 16an iragarri zuen, arloan dirua aurrezteko asmoz,  hezkuntza ez-unibertsitarioan ikasleak orain baino talde handiagoetan pilatzeko agindu ziela autonomia erkidegoei, eta maisu-maistren eskola orduak ere pilatzea nahi duela, orain baino bi-hiru ordu gehiago eman ditzaten astean. Irakasleen ordezkapenei uko egitea ere nahi du Espainiak. Unibertsitateetan, berriz, ikastea garestiago jarri nahi du Madrilek, eta matrikula ia %70 garestitzea proposatu die erkidegoei.

Zelaak gaur esan du Hezkuntzan datorren ikasturterako irizpideak jarrita dituztela dagoeneko, eta ez dutela aldaketarik egingo. Hezkuntza ez-unibertsitarioan irakasleen eskola orduak pilatzeari eta ordezkapenei uko egiteari eta unibertsitateko aurrekontu egonkortasun planari behintzat jarriko die helegitea Jaurlaritzak, eta aztertzen ari da unibertsitateko tasari ipini ala ez.

Ana Mato Osasun ministroak apirilaren 18an jakinarazi zituen bere arloko murrizketak: pentsiodunek ere sendagaiak ordaintzea, sendagaietako kaxen egokitzapena, erosketak Madrildik... Agerraldi hartan zen Bengoa, eta zioen neurriekin %80an ados zegoela. Gaur, ordea, esan du neurriak betetzeko errege dekretua zertan erabili ez dagoela —hala egin du Espainiak—, egoera premiazkoa ez dela iritzita, eta auzitara eramango dutela hori.

Jaurlaritzako Osasun sailburuak, gainera, adierazi du eskubide unibertsalaren eredua hautsi egin nahi duela PPren gobernuak, eta "aseguratuaren eredua" ezarri nahi duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.