Bakea eta Elkarbizitza

Jaurlaritzak desarmatzeari buruzko proposamen bat aurkeztuko dio Espainiako gobernu berriari

Baketzean adostasunik ez badago Jaurlaritza "alde bakarreko arriskuak" hartzeko prest dagoela esan du Jonan Fernandezek.

Urkullu eta Fernandez, Zuzendu programaren aurkezpenean. JUANAN RUIZ, ARGAZKI PRESS
edurne begiristain
2015eko urriaren 14a
07:31
Entzun

Bake eta Bizikidetza Planaren garapenari buruzko ebaluazio txostena aurkeztu dute gaur goizean Jonan Fernandez Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetzarako idazkari nagusiak eta Monica Hernando Giza Eskubideen zuzendariak. Amaiera ordenatua eta hasiera berritzailea izeneko dokumentuak aurreikuspenak eguneratu ditu, irailaren 9an aditu talde batek aurkeztutako kanpoko ebaluazioaren gomendioak aintzat hartuta. Txostenak bakearen diagnosia egin du, eta bi errealitate aurrez aurre jarri: batetik, indarkeriaren amaiera antolatua "blokeatuta" dagoela eta, bestetik, bizikidetzan "aurrerapausoak" eman direla. Hori hala, legealdiaren amaiera arte Jaurlaritzak bi alorretan jarriko du indarra, Fernandezek jakinarazi duenez. Batetik, indarkeriaren amaiera antolatua lortzen saiatuko da, eta, bestetik, bizikidetzaren "printzipio berritzailea" bilatuko du. ETAren desarmatzeari dagokionez, Jaurlaritzak desarmatzeari eta indarkeriaren amaiera antolatuari buruzko proposamen berria aurkeztuko dio abenduko hauteskundeetatik sortzen den Espainiako gobernu berriari. Gainera, Jaurlaritza prest dago desarmatzean nazioartean egiten diren ahaleginetan laguntzeko, baldin eta indarkeria behin betiko amaitzeko bada.

Horrez gain, Fernandezek azaldu du Jaurlaritzak espetxe politikan proposamen bat aurkeztuko diola Espainiako gobernu berriari, Zuzen Bidean eta Hitzeman programetan oinarrituta. Halaber, biktimen alorrean, giza eskubideak urratu zaizkien eta aitortuak izan ez diren biktimak aitortzeko lege proposamena aurkeztuko du udazken honetan.

Zeharkako kopromiso bat ere hartu du gobernuak baketzean aurrera egiteko: jarduera guztietan "adostasuna" lortzea, hain justu. Hala ere, adostasunik ez badago, Jaurlaritza "alde bakarreko arriskuak" hartzeko prest dago, "egoera desblokeatzeko". "Ez gara geldiririk egongo", azpimarratu du Fernandezek.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.