"Uste dugu aro berri batean gaudela. Batasunak bide politiko eta demokratiko soilen aldeko apustua aldarrikatzen duen aroa; beraz, helburu politikoak lortzeko indarkeria gaitzesten duen aroa", esan du Jaurlaritzaren bozeramaile Miren Azkaratek. Baina, Jaurlaritzaren iritzian, "Batasunak jarrera argi eta sendoagoa izan behar du ETAren indarkeriari dagokionez".
Batasunak egindako proposamenean dauden ideiek "aurrerapausua dakartze, bide zuzenetik doaz, baina, hala ere hutsune gehiegi daude", Jaurlaritzaren iritzian.
Jaurlaritzaren ustez, Batasunak argi eta garbi esan behar du "gaur zer garen abiapuntu harturik bakarrik egin dezakegula aurrera, gaur ditugun erakundeetatik eta esparru juridiko eta politikoetatik abiaturik".
"Batasunak, era berean, aursardia politiko handiagoa izan behar du aitortzeko Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako edota Iparraldeko biztanleen nahien araberakoa izango dela etorkizunean euskal lurraldeen arteko harremana. euskaldunen borondate demokratikoa errespetatu beharko baita, lurraldea edozein izanik ere".
Jaurlaritzaren Estatutu Berrirako Proposamena eztabaidatzea "atzo baino garrantzitsuagoa da gaur" Jaurlaritzaren ustez. "Izan ere, indarkeriarik gabeko eskenatokia defendatzen badugu guztiok, eta bide politiko eta demokratikoak bakarrik erabiltzeko konpromisoa hartzen badugu guztiok, ez dugu uste inok, ezta Batasunak ere, uko egin diezaiokeenik euskaldun guztiok geure etorkizuna galdeketa baten bidez erabakitzeari".
Batasunaren ekarpena
Jaurlaritzak dio "aro berri bat" abiatu dela
Eusko Jaurlaritzak Batasunaren 'Orain herria, orain bakea' goiburupean egindako ekarpenaren"zehatz-mehatz" aztertu du gaur. "Fase berri bat" abiatu dela azpimarratu du Jaurlaritzako bozeramaile Miren Azkaratek, eta bere iritzia, orain, "ETA da publikoki dei honi, enplazamendu honi erantzun behar diona, eta euskal gizarteari adierazi helburu politikoak lortzeko, behin betiko utziko duela indarkeria". Jaurlaritzaren ustez, "norabide baikorreko urratsa da, baina hutsune gehiegi ditu".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu