Administrazio publikoen lana "legedia betearaztea" dela ohartarazi dute Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza eta Kultura sailek, Euskal Herria Esneari ontziak euskara hutsean etiketatzeagatik ireki dioten zigor txostenaren harira. Kaiku kooperatibak izenaz ikerketa eskatuta egin du Euskal Herria Esnearen aurka Jaurlaritzak.
Jaurlaritzak atzo berretsi zuen Euskal Herria Esnea Karrantzako (Bizkaia) kooperatiba sortu berriak etiketatzeari buruzko Espainiako Lege Orokorra hautsi duela. Produktua Sorian (Espainia) ontziratu eta etiketa euskara hutsean jartzeagatik hautsi du araudi hori, Jaurlaritzaren esanetan, eta exekutiboak baieztatu egin zuen zigor prozedura bat hasia zuela haren kontra.
Euskal Herria Esneari zigor espediente bat ireki arren, Jaurlaritzaren nahia "euskararen erabileraren aldeko edozein ekimen bultzatzea eta babestea" dela esan du Kultura Sailak.
Arratsaldean Euskal Herria Esneak ohar batean esan du "benetan larria" dela "euskal merkatuan salduko den produktu batek arazoak izatea euskara hutsez saltzeko".