Jaurlaritzak dio kontsulta legea «gogor» defendatuko duela

Espainiako Gobernuak eta PSE-EEk ez dutela akordiorik lortzeko borondaterik berretsi du Idoia Zenarrutzabeitiak

ERREDAKZIOA
2008ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
«Espainiako Gobernuaren ordezkarien kalitate demokratiko eskasa» agerian uzteko pausoak emateko prest azaldu da Eusko Jaurlaritza. Idoia Zenarrutzabeitia lehendakariordeak iragarri duenez, Eusko Legebiltzarrak ostiralean onartutako kontsulta legearen defentsa prestatzen ari dira, eta, horretarako, bi bide, politikoa eta juridikoa, jorratuko dituzte. Bigarrenari dagokionez, neurriak eta denborak zehaztu ez baditu ere, «gogor» ariko direla azaldu du. Izan ere, Zenarrutzabeitiaren arabera, «gai honetan eta beste batzuetan, Espainiako Estatuaren demokraziaren kalitatea eskasa» salatu behar da.

Harridura eta haserrea nagusitu ziren atzo Zenarrutzabeitiak Radio Euskadin eginiko elkarrizketan erabilitako hitzetan. Harridura, Espainiako Gobernuak «kontsulta legearen edukiak ezagutu gabe», bertan behera uzteko Espainiako Auzitegi Konstituzionalera joko zuela iragarri zuelako. Haserrea, «ez Zapateroren gobernuak eta ezta PSE-EEk ere» akordioa lortzeko borondaterik agertu ez dutelako. «Ezetzen bilduma bat osatu dugu. Gernikako Estatutuaren garapenari ezetz esan diote; euskal estatutu politikoari ere ezetz, eta, orain, kontsultaren kontra bozkatu dute, hitz egiteko, eztabaidatzeko edo akordioa lortzeko inolako borondaterik agertu gabe. Horrek, agerian uzten du Espainiako Gobernuko ordezkarien kalitate demokratiko eskasa».

Espainiako Gobernuko agintarien jarrerari Eusko Jaurlaritzak erantzun «gogorra, irmoa eta serioa» emango diola azaldu du Zenarrutzabeitak. «Legean eta Konstituzioan oinarrituta egin ditugu guk proposamen guztiak. Guri esatea legea bete behar dugula barregarria iruditzen zait, legea beti bete dugulako. Beraiek, berriz, ateak itxi eta ezetza ematen dute».

EHAKren jarreraz ere mintzatu zen Zenarrutzabeitia, eta mezua igorri zion. «Aitzakiak» alde batera uzteko eta kontsulta legeaz zer jarrera duen azaltzeko eskatu dio.

Eusko Jaurlaritzaren kontrako kritikak «gehiegizkoak» eta «zaharkituak» direla uste du lehendakariordeak. Euskal erakundeek proposamen politikoak egiten dituztenean «mundu hori» aztoratu egiten dela azaldu zuen, eta«kasu honetan, Gobernuan eta hirukoan islatu dituzte haien porrotak».

«Zentzugabekeria politikoa»

Kontsulta legeak aurrera egiteko EHAKren botoa «erabili» izana leporatu dio Eduardo Madinak (PSOE) Eusko Jaurlaritzari. «Zentzugabekeria politikoa» da legea, Madinaren irudiko, «atentatuak eta hilketak txalotu eta, itxura guztien arabera, bakea helburu ez duen alderdi baten botekin onartua izan delako». Santanderko (Espainia) Menendez Pelayo Unibertsitatean emandako hitzaldi batean azaldu zuenez, kontsulta legeak «sentimentalki desegituratuta dagoen gizarte batean xixta sartzen du, eta haustura handiagotzen du».

Madinaren arabera, gai «arriskutsu» batekin ari da jolasean Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakaria. Ibarretxeren helburua «elektoralista eta pertsonala» dela dio, eta uste du EAJko kide guztiek ez dutela jarrera hori babesten.

Halaber, Eusko Jaurlaritzako lehendakari gisa dagozkion eskuduntzak gainditu ditu Ibarretxek, Madinaren ustetan.

Ildo horretan, kontsulta legea «berehala bertan behera» uzteko Auzitegi Konstituzionalean eman beharreko pausoak emateko eskatu dio Espainiako Gobernuari Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusiak. PPk ere legearen kontra helegitea jarriko duela iragarri du, baina, azaldu duenez, Espainiako Gobernuak soilik eska dezake legea bertan behera uzteko. PPren helegiteaz arduratuko dira Federico Trillo PPko gai juridikoen burua eta Arturo Garcia Pizon Kongresuko eledun eta Batasunaren kontrako prozesuan Estatuaren abokatua izandakoa.

PPko idazkari nagusiaren ustez, «ETAren lagunen babesarekin» onartutako legea da ostiralean Legebiltzarrak onartu zuena.

Antonio Basagoiti PPko Bizkaiko presidentearen ustez, ETAk «aitzakia paregabea» dauka «lehen baino indar handiagoarekin» aritzeko. «Madrilek euskal herritarrei erabakitze eskubidea ukatzen diela erabiliko du argudio gisa ETAk», Basagoitiren arabera.



Legea berehala bertan behera uzteko urratsak egin ditzan eskatu dio PPk Gobernuari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.