GIZARTEA

Jaurlaritzak errentaren arabera emango ditu umeengatiko laguntzak

Gurasoek zenbateko diru sarrerak dituzten, horren arabera jasoko dute laguntza handiagoa edo txikiagoa. Toña sailburuaren ustez, "arrazoizkoa" da aldaketa.

Josu Erkoreka eta Angel Toña, gobernu kontseilu osteko agerraldian. IREKIA
Garikoitz Goikoetxea.
2015eko otsailaren 24a
07:42
Entzun

Umeak izateagatik ematen duen diru laguntza aldatu egingo du Eusko Jaurlaritzak. Gurasoen diru sarrerak kontuan izango ditu, eta horren arabera emango dute diru laguntza.

Lehen umea izatean ez dute aldaketarik egingo: 400-900 euro artekoa izango da laguntza. Bigarrenetik aurrera egingo dituzte aldaketak. Jaurlaritzak azaldu duenez, 1.500 eurokoa da laguntza orain, baina aldatu egingo da gurasoen diru sarreren arabera. 20.000 euro baino gutxiago irabazten dutenek 1.800 euro eskuratuko dituzte; 20.000-30.000 euro artekoek, 1.000 euro; eta 31.000 euro baino gehiago jasotzen dituztenek, 800 euro.

Miguel Toña Gizarte Politiketako sailburuak azaldu du "gizartearen arrazoizko eskaria" dela laguntzak errentaren arabera ematea, eta aurreratuxe dutela dekretuaren aldaketa.

Kontziliazioko laguntzak

Gizarte politikari dagozkion hainbat laguntza onartu ditu Jaurlaritzak gobernu bileran. Lana eta familia uztartzeko laguntzetarako, adibidez, 31 milioi jarri ditu. Iaz zeresan handia eman zuten laguntza horiek; uste baino lehenago agortu ziren, eta laguntza eskaria egin zuten asko geratu ziren dirua jaso gabe. Toñak azaldu du iaztik kobratu gabe dauden eskariak aurtengo deialdian sartuak dituztela. Jaurlaritzak nabarmendu du %81 handitu direla kontziliazioko laguntzak.

Larrialdiko gizarte laguntzetarako diru saila ere onartu dute: 22 milioi —iaz baino 1,5 gehiago—. Udalek bideratzen dituzte laguntza horiek, eta gobernuak iragarri du datorren astetik aurrera hasiko dela haiei dirua banatzen. Iaz baino lehenago, hortaz. Larrialdiko gizarte laguntzek ere jarri dute zeresana azken urteetan; herri askotan agortu egin da dirua eskari guztiei erantzun aurretik, eta kasu batzuetan udalek jarri behar izan dute dirua, nahiz eta eskumena Jaurlaritzarena izan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.