Ez dago alarmarako motiborik. Nahiz eta atzo Jaurlaritzako Osasun Sailak ohartarazi zuen anisakis parasitoa duten antxoa ugari atzeman dituela, fenomenoa "ohikoa" eta "urterokoa" dela adierazi diote Jaurlaritzako iturriek BERRIAri.
Parasitoak gizakiak ere kutsa ditzazkeela eta herritarrei "adi" ibiltzeko eskatu zien atzo Jaurlaritzak. Arazoak saihesteko, arrainaren barrunbeak kentzeko gomendatu ohi dute. Lehendik ere, erakunde publikoek gomendatu izan dute arrainak aurretik izoztea, parasitoa desagerrarazteko.
Kanpaina hasiera ona
Antxoaren kanpaina orain dela lau aste hasi zen, eta marinel eta erosleek sasoi ona espero dute. Pasa den astean gustura agertu zen Jaurlaritza antxoaren kanpaina hasierarekin. 4.000 tona harrapatu zituzten lehen hiru asteetan arrantzaleek, eta prezioa kiloa 1,72 eurotan saldu zen bataz beste.
Jaurlaritzak adierazi zuenez, hurrengo pausoa prezioa egonkortzea zen, "guztion beharrei eta interesei erantzun ahal izateko, kontsumitzaileena, kontserba industriarena eta bereziki arrantza sektorearena".