Zubiak Eraikiz plataformak aurkeztu zuen proposamena Eusko Legebiltzarrean joan den maiatz amaieran. Gutxienez 10.000 sinadura behar dira gisa horretako eskari bat egiteko, eta 17.000 batu zituzten. Parlamentuko gehiengoaren babesarekin aurkeztu zuten proposamena, gainera: EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PSE-EEk babestu dute “eskola segregazioa” saihesteko lege proposamen hori. Eusko Jaurlaritzak, ordea, aurkako irizpena eman du: proposamena tramitatzearen aurka agertu da.
Gobernuak adierazi du plataformaren proposamenarekin ados dagoela “izpirituan”, baina nabarmendu du hezkuntza legerako tramitazioa martxan dagoela, eta han jasoko direla gai horiek. Iragarri du aurki bidaliko duela parlamentura hezkuntza legerako proiektua.
Zubiak Eraikiz plataformak “eskola segregazioa” saihesteko zortzi neurri nagusi jarri ditu mahai gainean. Besteak beste, diru publikoa jasotzen duten ikastetxe guztien doakotasuna bermatzea, matrikulazio bulego bakarra ezartzea, eta “inklusio beharrizanen eskola indizea” sortzea, ikastetxe bakoitzak gutxieneko indize kopuru bat izan dezan.
Indize horren gisako bat sortzea adostu zuten azken lan itunean Jaurlaritzak eta sindikatu gehienek, eta Jaurlaritzak azaldu du “hezkuntza premia berezien indizea” sortzeko lanean ari dela, “ikastetxe bakoitzaren behar bereziak hobeto identifikatzeko eta hautemateko”. Neurri horren helburua da premia bereziak dituzten ikastetxeek laguntza handiagoak jasotzea.