Jaurlaritzak ez du ordezkaririk bidaliko martxara

2015eko urriaren 13a
15:55
Entzun

Sonia Jacinto, Miren Zabaleta eta Arkaitz Rodriguez libre geratu ostean eta larunbatean Arnaldo Otegi askatzearen aldeko manifestazioa egingo dutela-eta, Bateragune auziaren inguruan hitz egin du Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak. Gogorarazi du Jaurlaritzak ez duela manifestazioetan parte hartzen, eta, hortaz, larunbatekoan ere ez dela gobernuko ordezkaririk egongo.

Auziaz, Erkorekak azpimarratu du "erabat itxi" beharko litzatekeela "lehenbailehen", eta hortik aurrera, indar politiko guztiek "berdintasun baldintzetan" parte hartzeko aukera izan behar dutela, "irizpide politiko eta demokratikoak bakarrik erabiliz".

Ezker Anitza ere ez

Ezker Anitza-IUk azaldu du baztertu egiten duela Arnaldo Otegiren eta Bateragune auziko beste lauren espetxe zigorra, baina erantsi du ez dela larunbatean Donostiako manifestazioan izango, beste euskal presoen askatasuna ere eskatuko delako.

"Modu injustu batean kartzelatu zituzten Otegi-eta", Ezker Anitzaren arabera, eta Rafa Diez Usabiaga eta biak kartzelatik ateratzeko eskatu du. Baina, aldi berean, esan du nazioartean Free them all izenpean abian jarritako kanpaina ez dela egokia, euskal presoak askatzeko eskatzen delako, eta gaineratu du preso haietako ia denak ETAn ibili zirela.

Horrez gain, koalizioak esan du ez dela "komeni" Otegi "bake prozesuaren lider" gisa jotzea. "Yoyes eta Hipercorren garaian ETAn egon zen, indarkeria babestu zuen, gehiengoak bakea defenditzen zuenean. Politika eta indarkeria (Bietan Jarrai) uztartzeko estrategiak sozialki, politikoki eta polizialki galdu zuenean, Otegik, autokritika etikorik egin gabe, ezker abertzaleren aldaketa taktikoa sustatu zuen".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.