Emakumeen aurkako indarkeria

Jaurlaritzak hezkidetza arduradun bat izendatuko du ikastetxe guztietan

Hezkuntza sisteman genero indarkeriari aurrea hartzeko plana lantzen ari da.

Maite Asensio Lozano.
2013ko ekainaren 24a
16:33
Entzun

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastetxe guztietan hezkidetza arduradun bat izendatuko du Eusko Jaurlaritzak, eta astero hiru orduko baimena izango du berdintasun gaiak jorratzeko. Horren bidez, ikasgeletan gerta daitekeen genero indarkeriari aurre hartu nahi dio Hezkuntza Sailak, baita halako egoerei “berehalako erantzuna” eman ere.

Hezkuntza sisteman hezkidetza lantzeko eta genero indarkeriari aurrea hartzeko plan estrategikoaren zirriborroa aurkeztu dute gaur Bilbon Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak, Arantza Aurrekoetxea sailburuordeak eta Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak. Hezkidetza arduradunez gain, neurri esanguratsuenen artean daude irakasleak trebatzea eta curriculumean emakumeen jakintza eta ekarpen historikoa txertatzea.

Uriartek nabarmendu du genero indarkeria jasaten duten emakumeen %35ek 18 eta 30 urte bitartean dituztela, eta eskolak “erantzukizun saihestezina” duela berdintasunean hezterakoan. Ildo horretan, alboratu egin dute indarkeria matxistaren biktimek ikasgeletan euren testigantza emateko aukera, bortizkeria hori biktima perfil jakin batekin identifika ez dadin: “Ikasleek pentsa dezakete 50 urteko andreei bakarrik gertatzen zaiela indarkeria, eta ez identifikatu ikasleek eurek jasan edo egin dezaketela”.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.