Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak aurrera jarraitzea erabaki du. Zubietako errauste plantaren eraikuntza lanen kontratua baliogabea dela eta indarrik gabe uzteko bidea berretsi du gaur partzuergoaren batzarrak. Eusko Jaurlaritzak hiru hilabete barrurako eman beharko du erantzuna.
Uztailaren 12an kontratua eteteko prozedura hastea erabaki zuen GHK Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa sozietate publikoak. Ofiziozko azterketa bat eskatu zuten, argudiatuta Jaurlaritzaren ingurumen baimena jaso zuen proiektua eta obrara atera zutena ez zirela berak.
Obra egin behar zuten enpresek helegiteak aurkeztu ditu, eta atzera bota ditu azken asteetan GHK-k. Partzuergoaren batzarrak, berriz, erabaki hura babestu du gaur eguerdian.
Ainhoa Intxaurrandieta GHK-ko presidenteak gaur berriro nabarmendu du errauste plantaren lanen inguruan irregulartasun ugari izan direla, eta azpiegitura hori eraikitzea ezinezkoa zela, legea urratu ezean.
Zehazki, GHK kontratua baliogabetzera bultzatu duena ingurumen baimenaren inguruko auzia da. BERRIAk azaldu zuenez, Jaurlaritzaren ingurumen baimen integratua lortzeko proiektu bat aurkeztu zuen GHK-k, 2009an. Proiektu hura aldatu egin zuten gerora, hiru metro gorago eraikitzea erabakiz. Zepa eta errautsen tratamendurako azpiegiturak ezabatu egin zituzten gainera.
Jaurlaritzaren baimena jaso zuen proiektuak, baina GHK-k lehiaketara aurkeztu zuen azpiegitura egitasmoak ez zuen ingurumen baimenik, egiazko proiektua ez zelako Jaurlaritzaren eskuetara iritsi.
Eusko Jaurlaritzako Batzorde Juridikoak aztertu behar du orain hondakinen partzuergoaren erabakia. "Bizpahiru hilabetean" erantzuna edukiko dutela adierazi du Ainhoa Intxaurrandieta GHK-ko presidenteak. Jaurlaritzak zer erantzun, horren arabera erabakiko dituzte hurrengo urratsak.
Heldu den astean enpresen ordezkariekin prentsaurreko bat emango duela ere iragarri du Intxaurrandietak. Denis Itxasok —PSE-EEren ordezkari da partzuergoan— begi onez ikusi du GHKren eta enpresarien artean akordiorako borondatea egotea.
Gatazka hau "mus partida bat" ez bilakatzeko eskatu die Itxasok bi aldeei. "Eta kontua baldin bada zenbat diru eman behar den kalte-ordainetan, negoziazioa ez dadila ezkutuan egin".
Bi hilabeteko epea negoziatzeko
Hain justu, atzo jakinarazi baitzuten Zubietako errauste planta eraikitzekoak ziren enpresek eta Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak akordio bat sinatu dutela. Bi hilabeteko epea eman diote elkarri, bi aldeak lotzen dituen kontratuari "amaiera adostua" emateko.
Kontratua nola "kitatu" adostu nahi dutela zehaztu du gaur Intxaurrandietak. Borondate onaren erakusle, enpresa taldeak bi hilabetez bertan behera utziko du Gipuzkoako Merkataritza Ganberan irekia zuen arbitratzea.
Joan den astean iragarri zuten Zubietako errauste plantari adostutako amaiera eman nahi ziotela, eta horretarako bilerak egiten hasiko zirela. Bi bilera egin dituzte aste honetan, eta behin-behineko akordio hori sinatu zuten atzo, negoziatzeko denbora hartzeko.
"Akordio hau bi aldeek erakutsitako borondateari esker gauzatu da, eta Gipuzkoaren onerako lan egin nahi izatearen ondorioa da", adierazi dute bi aldeek, elkarrekin idatzita bidali duten oharrean.
UTE GIPUZKOA CGRG enpresa taldeak irabazi zuen Zubietako errauste planta egiteko lanen lehiaketa, 2011ko otsailean. FCC, Serbitzu, Altuna y Uria, Murias eta AE&E Inova enpresek osatu zuten enpresa talde hori.
Uztailean GHK-k kontratua baliogabetzen hastea erabaki aurretik, enpresa taldeak merkataritza ganberara eraman zuen auzia. Merkataritza ganberaren arbitratzeak aurrera egin du udan, GHK-k aurkeztutako helegiteak baztertu ostean. Kalte-ordainak eskatzen ari dira enpresak.