Jaurlaritzak esparru dokumentu zirriborro bat aurkeztu du, Europako mugetako errefuxiatu kanpalekuetan dauden pertsonen egoerari heltzeko. Bertan, egoeraren hausnarketa egiteaz gain, esku hartzeko zenbait proposamen egin ditu. Horien artean, besteak beste, Espainiarekin adostekotan dagoen proposamena dago.
Proposamen horrek aukera emango dio Eusko Jaurlaritzari lekualdatze prozesuan hasieratik parte hartzeko. Hau da, errefuxiatuen ezaugarriak lehen unetik ezagutuko dituzte, eta horrek aukera emango dio harrera egokiagoa prestatzeko; oraindik ere zehazteko dago hori guztia. Orain arte, azken txanpan baino ez zen komunikazio hori gertatzen. Fernandezek iragarri du 50 eta 60 errefuxiatu hel daitezkeela udan, akordio horren barruan.
Giza korridoreen proposamena ere agertzen da markoan. Eusko Jaurlaritzak egindako proposamena Italian 2016an abiarazitako ekinbidearen ildotik doa. Saint Egidio komunitateak eta Italiako Gobernuak adostu zuten, eta 700 pertsonari bide legal eta segurua eskaini zien Italiara arte. Ordea, Fernandezek ezagutarazi du Espainiako Gobernuak ez duela proposamen hori onartu, "oraingoz".
Neurri horiez gain, administrazioen arteko lankidetza hobetzeko proposamenak, giza larrialdi egoerei erantzuteko neurriak, eta bestelako prebentzio ekintzak ere jaso ditu dokumentuak. Oraindik zirriborro bat da, eta irailaren amaierara arte ekarpenak egiteko aukera egongo da.