Emilio Hellin Nueva Fuerza talde ultraeskuindarreko kideak —Yolanda Gonzalez gaztea hil zuen, 1980an— Ertzaintzarekin izan duen harremanaren inguruan galdetu dio gaur goizean Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuari, Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan.
Segurtasun sailburuak baieztatu egin du BERRIAk gaur argitara eman duen informazioa: jakinarazi duenez, bere departamenduak dokumentu ugari “luze” arakatu ostean ondorioztatu du Ertzaintzaren eta Hellinen zein New Techonology Forensics enpresaren artean kontraturik ez dela sekula sinatu, baina aitortu egin du Hellinen enpresak lau ertzainen formazioan parte hartu zuela 2008an. Zehazki, sakelako telefonoetako datuak berreskuratzeko ikastaro bat eman zien Hellinen enpresak hainbat poliziari 2008ko azaroan, tartean, lau ertzaini, sailburuaren arabera. 45 orduko ikastaroa jaso zuten ertzain horiek. Ikastaro hori “interesgarria eta egokia” zelakoan erabaki zuen departamenduak lau ertzainek hura jasotzea.
EH Bilduko legebiltzarkideak salatu du “ulertezina” dela Segurtasun Sailak barne ikerketarik abiatu ez izana gaia argitzeko, eta Beltran de Herediari bere ekimenez azalpenak eman ez izana egotzi dio. Arzuagaren ustez, gainera, ezin da ulertu Ertzaintzak gisa horretako ikastaroetan parte hartzea aldez aurretik jakin gabe nork eskainiko dituen. Horregatik guztiagatik, Yolanda Gonzalezen familiarekin “sentsibilitaterik” ez izatea leporatu dio sailburuari. Arzuagaren hitzak entzun ostean, Gonzalezen familari "elkartasuna" adierazi nahi izan dio Beltran de Herediak.