Eusko Jaurlaritzak bi konstituzio-kontrakotasuneko errekurtso aurkeztea onartu du gobernu kontseiluan, Espainiako bi lege hauen aurka: 23/2015 Legea, uztailaren 21ekoa, Lan-ikuskaritza eta Gizarte Segurantzako sistema arautzekoa, eta 1/2015 Legegintzako Errege Dekretua, uztailaren 24koa, Medikamentuen eta osasuneko produktuen erabilera arrazionala bermatzeko legearen testu bategina onartzekoa.
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak azaldu duenez, bi arau horiek 1979ko Estatutua urratzen dute. Erkorekak esan duenez, lehen kasuan Espainiako Gobernuak beretzako gorde du langabeziagatiko prestazioak eta sorospenak kobratzen dituzten pertsonek egiten dituzten zenbait arau-hauste zehatzeko eskumena. Arau-hausteak jakinaraztera mugatu beharko da Lanbide, Erkorekaren arabera, zehapen-prozesuak abiarazteko edo ebazteko gaitasunik gabe utzi duelako Espainiako Gobernuak.
Espainiako bigarren legearen —farmazia anbulatorioko koordainketaren— harira, ordaintzeko zenbatekoa eta farmazia anbulatorioko koordainketaren onuradunen salbuespen-kasuak arautzeari dagokionaren aurka jo zuen Jaurlaritzak: "Eskumen-talka hori ere ez da berria; beste hiru aldiz izan dugu, eta Auzitegi Konstituzionala dagoeneko aztertzen ari da".