EAJk aurrekontuen lege proiektu berria erretiratuko du, Josu Erkoreka bozeramaileak jakinarazi duenez. Jaurlaritzako ezohiko gobernu kontseiluan hartu dute erabakia, hain justu, oposizioak blokean proiektua atzera bota baino egun bat lehenago. Europak defizita malgutu eta ondorioz zorpetzeko aukeraren araberakoa izango dira Jaurlaritzak hartu ditzakeen erabaki berriak, Erkorekaren arabera.
Iñigo Urkullu lehendakariak Bruselan Europako Batzordeko presidente Herman van Rompuyrekin atzo bilera egin ostean iragarri zuen egitasmoa nondik joan zitekeen. Europak Espainiari defizit helburua malgutuz gero, EAEk diru gehiago gastatu dezake, eta beraz, aurrekontuen planak “eguneratzeko” beharra dauka. “Datu berriak” ditu Urkulluk, Europatik ekarri berriak. Orain arte "datu hipotetikoak" direla ohartarazi du, hala ere, Erkorekak, eta errealen arabera jokatu behar dela.
Maiatzaren amaieran jakinaraziko dute Europak defizita malgutuko duen, baina ez dago presarik, EAJren ustez, iazko aurrekontuak luzatzeak ez baitu arazorik sortzen. Urte osoa egin dezake iazko aurrekontuen luzapenarekin, Europako aginduak Espainiako Gobernuak nola bideratu erabaki ostea urteko bigarren seihilabetekoan etor daitekeelako. Beraz, ez legoke beste plan bat onartzeko astirik.