Espainiako Migrazio Ministerioak landu duen atzerritarren araudi berriaren zirriborroari oiniritzia eman dio gaur Eusko Jaurlaritzak. Hain zuzen, Jaurlaritzaren Migrazio eta Asilo Zuzendaritzak «egokitzat» jo du dokumentua, berak eginiko proposamenak kontuan hartzeaz gain, «atzerritarren eskubideak eta askatasunak errespetatzeko eta haien gizarteratzea bultzatzeko» balioko duela uste duelako.
«Behin betiko testua iritsi artean, balorazioa ona da. Ez da denbora galdu behar. Atzerritarren egungo araudiak gizarte bazterkeriako egoerara eraman ditu ehunka gazte, eta lehenbailehen atera nahi dute egoera horretatik», adierazi du Xabier Legarreta Jaurlaritzako Migrazio eta Asiloko zuzendariak.
Jaurlaritzaren ustez, «beharrezkoa da erakunde publiko batek babesten dituen bidaiderik gabeko adingabe atzerritarren dokumentazioa eragozten duten oztopoak desagerraraztea eta adin nagusitasunera iristen direnerako bizileku erregimen propio bat diseinatzea».
Alde horretatik, Espainiako Migrazio Ministerioak bizileku baimenak lortzeko betekizun bideragarriagoak ezartzea proposatu duela goraipatu du Jaurlaritzak, «epeak murrizteko, baimenen indarraldia luzatzeko eta ezarritako eskakizun ekonomikoak murrizteko» balioko duela azpimarratuta.
Izan ere, beren paperak jaso edo berritzeko, bakarrik dauden etorkin adingabeei baldintza ia beteezinak eskatzen zaizkie behin 18 urte betetzen dituztenean. Besteak beste, hileko 2.000 euroko diru sarrera propio bat izatea jartzen zaie baldintza gisa, eta, betetzen dutenetan ere, eskaintzen zaien bizileku baimenak ez die lanik egiten uzten.
Legarretak adierazi duenez, «atzerritarren araudiaren aldaketa urrats handia izango da, eragin positiboa izango baitu bakarrik iristen diren haur horien bizitzan eta lan aukera bat eskaini nahi dieten enpresetan».