AZPIEGITURAK

Jaurlaritzak premiazko bilera eskatu dio Madrili, honen aurrekontu berriekin "AHTaren lanak ez direlako amaituko 2016rako"

Espainiako Gobernuak 2013rako 190 milioi euro gorde ditu 'Euskal Y'-a egiteko, aurten emandakoa baino 124 milioi gutxiago. Nafarroako zatia egiteko, bost milioi emango ditu. Trena 2016rako amaituta egoteko helburua zapuztea egotzi dio Jaurlaritzak Madrili.

2012ko urriaren 1a
18:08
Entzun

Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburuak "premiazko" bilera bat deitzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari, honek 2013ko aurrekontuetan EAEko AHT abiadura handiko trenaren lanetako diru poltsa %40 murriztu duela jakitean. Arriolaren esanetan, aurrekontu horiekin AHTaren lanak "ez dira amaituko 2016rako", iragarrita zuten bezala.

Gobernuak larunbatean aurkeztu zituen 2013. urterako aurrekontuak, eta murrizketa handiak egin ditu AHTaren lanetarako. Euskal Y-a egiteko 314 milioi euro eman ditu aurten Madrilek, eta datorren urtean 190 milioi emango ditu; %40ko murrizketa da hori. Trena 2016. urterako amaituta egotea espero zuen Jaurlaritzak baina, diru sorta horrekin, helburu hori zapuztea egotzi dio Arriola Garraio sailburuak Madrili. 2017rako amaitzea espero du orain Jaurlaritzak.

Nafarroan ere diru gutxiago emango du Madrilek azpiegituretarako. 68,31% egingo du behera datorren urterako azpiegituretarako aurrekontuak: 25 milioi emango ditu. Horietatik bost izango dira AHTa egiteko, eta, beraz, moteldu egingo dira lanak.

Eusko Jaurlaritzak premiazko bilera eskatu dio Ana Pastor Espainiako Sustapen ministroari, aurrekontu murrizketaren inguruko azalpenak eman ditzan. Egoera kezkagarritzat jo zuen atzo Ernesto Gascok, Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburuordeak. Gainera, Gascoren esanetan, aurrekontuaren beherakada horrenbestekoa izateak kontra egiten dio Pastorrek berak AHTa lehentasunezkotzat jotzeari.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.