Orain arte, bigarren haurra jaiotzen zenean, diru laguntza eskatzeko aukera zuen familiak. Haurra jaiotakoan eta urtea betetzen zuenean ematen zen laguntza hori. Aurrerantzean, ordea, bi urte betetzen dituenean ere jaso ahal izango da. Hala iragarri du Beatriz Artolazabal Lan eta Gizarte Politikarako sailburuak.
Laguntza horiek, 900 eta 400 euro artekoak izango dira, irabazien arabera, eta aurreikusten dute 6.800 familia inguruk eska ditzaketela. Horiek hala, Jaurlaritzak 5,5 milioi euro bideratuko ditu horretara. Laguntzen nondik norakoak ere zehaztu ditu Artolazabalek: 20.000 euroko edo hortik beherako errenta duten familiek 900 euroko laguntza jasoko dute; 20.000 eta 30.000 euro artean irabazten dutenek, 500; eta 30.000 euro baino gehiago irabazten dutenek, 400.
Laguntzek atzerako eragina izango dute, alegia, bigarren haurrak iaz urtebete egin eta gero laguntza jaso zutenek ere eskatu ahal izango dute aurten hirugarren ordainketa. Hau da, bigarren haurra 2016an edo geroago izan eta laguntzak jaso dituztenek eskatu ahalko dute aurten ere.
Araudiak beste berritasun bat ere jasoko du; izan ere, laguntzak eskatzeko orduan kontuan hartuko dira gurasoekin bizi diren 18 eta 25 urte arteko seme-alabak. "2011 eta 2015 artean ez zen berritu familientzako laguntzak aurreikusten duen araudia. Orain egokituko dugu araudia kudeaketak egin diren aldaketetara".