'De Miguel' auzia

Jaurlaritzako abokatuak frogatutzat jo du diru publikoaren bidegabeko erabilera

Javier Otaolak gogorarazi du De Miguel auziko akusatuetatik seik 146.230 euro jaso zituztela Jaurlaritzatik, baina gero ez zituztela egin ordaindutako lanak. Horiek hala, dirua itzultzeko eskatu du abokatuak.

Iñaki de Miguel, eskuinean, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONANEDA, FOKU
2018ko azaroaren 28a
07:23
Entzun

Diru publikoa bidegabe erabili zuten salaketari eutsi dio Eusko Jaurlaritzaren abokatu Javier Otaolak. Baina akusazioko abokatuak murriztu egin du akusatuetatik seiri egiten zien eskaera. Zehazki, 146.230 euro itzultzeko galdegin die Xabier Sanchez Robles, Iñaki De Miguel, Koldo Otxandiano, Iñaki San Juan, Josu Montes eta Aitor Telleriari; hasieran eskatutako kopurua baino 80.000 euro gutxiago.

Otaolak azaldu du bat datorrela fiskaltzak egindako eskaerarekin. "Ulertzen dugu diru publikoaren erabilera bidegabea egin duela Sanchez Roblesek, beste auzipetuen laguntza eta babesarekin". Josu Izagirren fiskalak De Miguelentzat eskatu du kartzela zigorrik handiena: 29 urteko eta bederatzi hilekoa. Telleriari eta Otxandianori, bakoitzari hamahiru urte eta zazpi hilabetekoa. Sei auzipeturentzat absoluzioa galdegin du.

Aldiz, bi legelariak ez datoz bat Gurutz Larrañaga Kultura sailburu ohiaren kontrako eskaeraren kasuan. Sanchez Roblesen arduraduna zen Larrañaga, eta fiskaltzak hamar urteko inhabilitazioa eskatu du harentzat, "prebarikazioa" egin zuela iritzia. Ordea, Otaolak defendatu egin du haren jarduna, argudiatuta "gehiegizko konfidantzaren biktima" izan zela sailburu ohia. "Sanchez Roblesek bere helburuak lortzeko baliatu zuen kontratuak proposatu eta kudeatzeko eskumena. Larrañagari zabarkeria egotzi diezaiokegu, baina ez besterik".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.