Politika

Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak "etorkin" hitza erabili duela eta, Madrilek "polemika interesatu bat" piztu dutela iritzi diote Markel Olanok eta Pernando Barrenak

Euskadi Irratiko politikarien solasaldian Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren inguruan atzo piztu zen eztabaida izan dute hizpide nagusi. Hezkuntza Sailak integrazioa bideratzeko erabili duen barne agiri batean, "etorkin" esaten zaie EAE Euskal Autonomi Erkidegora kanpotik iristen diren ikasleei, eta haiek euskarazko ereduetara bideratzeko aholkua ematen da. PPk eta PSE-EEk gogor kritikatu zuten atzo agiri hori, ikasle horien bazterketa bultzatzen dela iradokiz. PSE-EEko kide Ramon Etxezarretaren arabera, Hezkuntza Sailak hanka sartu du "etorkin" hitza erabiltzean, eta EB-IUko Mikel Aranaren iduriko ere, hitz hori ez da egokiena. EAJko Markel Olanoren eta ezker abertzaleko Pernando Barrenaren aburuz, ostera, "polemika interesatu bat" piztu du Madrilek.

2003ko urriaren 31
13:10
Entzun
Ramon Etxezarretaren arabera, gaur egungo egoeran eta euskalgizartean "sentsibilitateak dauden bezala egonda", "astakeria" da Hezkuntza Sailaren agiri batean "etorkin" hitza erabiltzea. "Hitz horren atzean badago ikuspegi sozial eta konnotazio txar bat: etorkinak bigarren mailako herritartzat hartzen dira, gaur egun, edonon. Ondorioz, inori ez zaio gustatzen inmigrante deitzea; mingarri gertatzen da", azaldu du Etxezarretak. Ildo horretatik, Hezkuntza Sailak "hanka sartu" duela iritzi dio, eta Anjeles Iztueta sailburuak autokritika egin eta barkamena eskatu beharko lukeela.

EB-IUko kide Mikel Arana bat etorri da, hein batean, Etxezarretarekin, eta "etorkin" hitza erabiltzea ez dela egokia izan azpimarratu du. Nolanahi ere, ñabardura batzuk egin dizkio Etxezarretak esan duenari; besteak beste, "etorkin" hitzak duen adiera txarra, neurri batean,PPren politikaren ondorio dela esan du: "Haien politikaren ondorioz baitira etorkinak bigarren mailako herritar". Hezkuntza Sailak agiri horren bidez bultzatu nahi dituen helburuak onak direla onartu du Aranak, hau da, ikasle horiek euskarazko ereduetara bideratuz integrazioa errazten delako, baina "etorkin" hitzaren erabilerarekin ez duela asmatu nabarmendu du berriro ere Aranak.

Halaber, ezker abertzaleko Pernando Barrenak ere onartu du, akaso, "etorkin" hitza erabiltzea ez dela egokiena, baina horren guztiaren gainetik eztabaida horren atzean Madrilek nahita piztutako eztabaida dagoela uste du. "Hau ez da polemika bakartu bat, jarrera orokor baten ondorio baizik. Ramon Etxezarretak arrazoi pittin bat badu, inori ez baitzaio gustatzen etorkin esatea, eta hitzekin kontu piska bat behar baita. Baina eztabaida honetarako testuingurutik atera da, oro har, Hezkuntza Sailaren oinarrizko planteamendua integrazioa errazteko egokia baita. Kontua da, Madrildik edozein aitzakia erabiltzen dela eraso orokor baterako", esan du Barrenak.

Ildo beretik, "etorkin" hitzaren atzean "kontzepzio arrazista" bat sumatzen duela adierazi du Barrenak: "Etorkintzat hartzen dira Afrikatik datozen beltzak, Marokotik datozenak zein hegoamerikarrak. Espainiako Estatuko beste nonbaitetik datozenak, ordea, ez. Baina etorkin dira kanpotik datozen guztiak, eta haiek integratzeko saioa egin behar da. Batik bat, beharrak bultzatuta baitatoz, eta errespetua eta laguntza behar baitute".

EAJko Markel Olano bat etorri da Barrenarekin nahita puztutako eztabaida bat sortu dela esatean. Areago, polemika horren atzean Euskal Herriaren herri izaeraren ukapena dagoela agertu du Olanok. "Etorkin direla esatea errealitate hutsaren definizio bat da. Arazorik ez da sortzen Espainia kanpotik datozenekin; Espainiako Estatutik datozenekin dago problema. Eztabaida horren arabera, Extremaduratik datorrena ez da etorkin gisa hartu behar, baina horren atzean dagoena da Extremadura eta Euskal Herria parekatzen direla; hots, Espainiarekin parekatzen direla. Herri ukazio bat dago guztiaren atzean", esan du Olanok.

Hezkuntza Sailak orientazio agiri hori zabaltzean izan duen helburua integrazioa bultzatzea dela azpimarratu du Olanok, eta integraziorako euskara ikastea guztiz garrantzizkoa dela nabarmendu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.