Baieztapenik egon ez arren, azken hilabeteetan aipatu izan da Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan Garbiñe Biurrun epailea Ahal Dugu-ren hautagai izateko aukera. Euskadi Irratiako Albiste Faktoria saioan eginiko elkarrizketa batean, baieztatu du Ahal Dugu-ren proposamena baduela eta hori onartu edo baztertu pentsatzen ari dela orain: "Beti esan dut baloratuko dudala, eta hain zuzen ere hori egiten ari naiz. Badakit Ahal Dugu-n nahiko luketela".
Berez udazkenean egitekoak badira ere, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak aipatu izan du bozak aurreratzeko aukera. Hori horrela, Biurrunek azaldu du "panorama politikoa nola dagoen ikusita, laster" eman beharko duela erantzuna.