Eusko Legebiltzarrak euskal politikarien eta kargudun publikoen estatutua aldatzea onartu du, aho batez. Legebiltzar talde guztien babesa izan du urte eta erdiko eztabaida eta negoziazioen ondoren onetsitako ebazpenak. Aldaketarekin, Eusko Jaurlaritzako sailburu eta sailburuorde izandakoek zeuzkaten zenbait abantaila bertan behera geratuko dira, eta legebiltzarkideen egoera gainerako langileen maila berean kokatuko da.
Bi puntu garrantzitsu jasotzen ditu akordioak. Batetik, aurrerantzean sailburu ohiek eta sailburuorde ohiek ez dute bizi guztirako pentsiorik kobratuko,kargu horiek izateagatik orain arte jasotzen zituzten erretiro osagarriak kenduko zaizkielako. Hala, jasoko duten kopuruak inoiz ez du gaindituko legeak ezarritako erretiro maximoa. Eta, bestetik, legebiltzarkideen lan egoera Gizarte Segurantzan izena emanda dauden gainerako langileen egoerarekin parekatuko da. Besteak beste, legebiltzarkideak langabezian geratzen direnean Gizarte Segurantzaren Legearen araberako babesa jaso ahal izatea eskatuko die Legebiltzarrak Gorteei.
Hala ere, EAJk eta PSE-EEk adostutako puntu baten arabera, legearen aldaketa indarrean sartzen denean 60 urte beteta dauzkaten Eusko Jaurlaritzako goi kargudun izandakoek eutsi egingo diete kargu horiek betetzeagatik egun jasotzen duten erretiroaren osagarriei. Horiek direla medio, egun 60 urte baino gehiago dituzten lehendakari, lehendakariorde, sailburu eta sailburuorde ohiek nabarmen gaindituko dute erretiro maximoa. Besteak beste,Carlos Garaikoetxea eta Jose Antonio Ardanza lehendakari ohiei eragingo die neurriak, egun 60 urte baino gehiago baitituzte eta erretiroa hartua baitute.
Azken puntu horrekin ez dira ados agertu PP, Aralar, EA, Ezker Anitza eta UPD. Haien ustez,«onartezina» daneurria, gainontzeko herritarrek ez dituzten «pribilegioak» ematen zaizkielako. «Herritarrei ahaleginak eskatzen ari baldin bagara, pribilegioak gordetzea ez dugu bidezkoa ikusten», salatu du Juanjo Agirrezababala EAko legebiltzarkideak. Mikel Basabe Aralarrekoak esan du bere taldeak lanean «tinko» jarraituko duela pribilegio horiek ezabatzeko. PSEko ordezkari Joana Madrigalek argudiatu du neurri hori «orekatua» dela, eta EAJko Rikardo Gatzagaetxebarriak esan du 60 urte baino gehiago dituzten goi kargudun ohiek ere «gutxieneko babesa» izateko eskubidea dutela.
Nolanahi ere, talde guztiak pozik agertu dira politikariaren estatutuaren erreformak lortutako adostasun zabalarekin. «Gardentasuna» bermatu dela eta herritarrek politikariekiko «konfiantza handiagoa» izango dutela ziurtzat jo dute denek.
Jaurlaritzako sailburu eta sailburuorde ohiek ez dute erretiro osagarririk jasoko
Eusko Legebiltzarraren erabakiak ez die eragingo 60 urte baino gehiago dituzten goi kargudun izandakoei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu