Abian da ofizialki Eusko Jaurlaritza berria, hamar sailburuek gaur goizean hartu dituztelako karguak, Gasteizen. 11:00etan hasi da ekitaldia, Ajuria Eneako harrera aretoan, eta hogei minutu besterik ez du iraun.
Patxi Lopez lehendakariak (PSE-EE) ostegunean egin bezala, denek ere Gernikako Estatutuarekin, Espainiako Konstituzioarekin eta indarrean dauden beste legeekin "leial" izango direla "hitz eman" dute, Estatutuaren ale baten gainean eskua jarrita. Orain arte izandako sailburuek ez zuten egin halako aipamenik. "Euskal hiritarren zerbitzura" ariko direla esan dute arduradun berriek -lehen, "Euskadiren zerbitzura" esaten zuten-. Ikurrina izan dute ondoan, lehengoek bezala.
Lau sailburuk euskaraz baino ez dute egin adierazpena: Isabel Zelaak (Hezkuntza), Blanca Urgellek (Kultura), Idoia Mendiak (Justizia eta Administrazioa; bozeramailea) eta Gemma Zabaletak (Lan eta Gizarte Gaiak). Iñaki Arriolak (Etxebizitza, Herrilana eta Garraioa), euskaraz ez ezik, gazteleraz ere egin du -Lopezek ere bietara egin zuen eguenean-. Bost horietatik Urgell, Mendia eta Arriola dira euskaldunak.
Beste bostek gazteleraz baizik ez dute egin: Rodolfo Aresek (Herrizaingoa), Carlos Agirrek (Ekonomia eta Ogasuna), Bernabe Undak (Industria eta Berrikuntza), Rafael Bengoak (Osasuna eta Kontsumoa) eta Pilar Unzaluk (Ingurumena eta Nekazaritza).
Hamar kide horien artean lau ez dira PSE-EEko afiliatuak, independenteak baizik: Agirre, Unda, Bengoa eta Urgell. Beste seiak PSE-EEko afiliatuak dira.
Ez da gonbidatu askorik izan ekitaldian: Eusko Legebiltzarreko Mahaiako bost kideak (Arantza Quiroga presidentea buru zutela), sailburuen senideak, PSE-EEko kide batzuk, Javier Rojo Espainiako Senatuko presidentea, Mikel Cabieces Espainiako Gobernuaren ordezkaria Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan...
Ares izan da aurrena kartera hartzen. 13:00ak aldera eman dio orain arteko Herrizaingo sailburuak: Javier Balzak (EAJ). ETAren aurka gogor ariko dela adierazi du Aresek.
Asteartean egingo dute Jaurlaritzako gobernu kontseiluaren lehen bilera.
Politika
Jaurlaritzako sailburuek ere hartu dituzte karguak
Patxi Lopez lehendakariak bezala, Gernikako Estatutuarekin eta Espainiako Konstituzioarekin leial izango direla hitz eman dute. Lau sailburuk euskaraz baino ez dute egin adierazpena, bostek gazteleraz soilik eta batek bietara. Asteartean egingo dute gobernu kontseiluaren lehen bilera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu