Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak jakinarazi du bere sailburuordeek ez dutela bizkartzainik izango datorren igandetik aurrera. Sailburuen segurtasun neurriak aldatzea ere espero da. ETAk urriaren 20an jakinarazi zuen borroka armatua betiko utzi duela. Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak atzo aurreratu zuen bizkartzainen zerbitzua "moldatzen eta egokitzen" ari direla.
"Jaurlaritza honek ETAren mehatxu zuzenarekin hartu zuen kargua. ETAren jarduera terrorista bukatzea lortu dugu, eta horregatik bakarrik merezi izan du gobernu honek. Historiak gogoan izango du gurekin Euskadin askatasunaren aroa hasi zela", esan du Lopezek.
Bizkartzainak, murrizketen aurka
Atzo bizkartzainek protestak egin zituzten Jaurlaritzaren aurrean, zerbitzu horretan aurreikusita dauden murrizketak salatzeko. Akordiorik lortu aurretik enplegua berregituratzeko planik ez sinatzeko eskatu diote Jaurlaritzari. Aresek adierazi zuen bizkartzain zerbitzua murriztearen ondorioak enpresei eta langileen ordezkariei dagozkiela.