Politika

Jaurlaritzaren aurrekontu proiektuaren aurkako osoko zuzenketari eutsiko dio EHAK-k; "negoziatzen" ari direla agertu du PSEk

Jaurlaritzaren 2006rako aurrekontu proiektuei PPk, PSEk eta EHAK-k aurkeztutako osoko zuzenketak eztabaidatuko dituzte bihar Eusko Legebiltzarrean. EHAK-ko bozeramaileek iragarri dute osoko zuzenketari eutsiko diotela, eta erantsi dute EAJk eta PSEk dagoeneko akordioa hitzartu duten susmoa daukatela. Sozialistek, berriz, oraindik ez dagoela itunik adierazi dute, baina negoziatzen ari direla.

2005eko abenduaren 15a
20:08
Entzun
Itziar Basterrika eta Karmele Berasategi EHAK-ko legebiltzarkideek azaldu dutenez, Eusko Legebiltzarreko biharko osoko bilkuran Jaurlaritzaren aurrekontu proiektuaren kontra aurkeztutako osoko zuzenketari eutsiko diote. EHAK-ko ordezkarien arabera, Jaurlaritzake ez du "eraikuntza nazionalean zein sozialean jauzi kualitatiborik" emateko borondarik, eta, batik bat, horregatik erabaki dute osoko zuzenketarekin aurrera jarraitzea. "Aurrekontu proposamenak iraganeko akatsak errepikatzeko eta egungo marko juridiko-politikoa iraunarazteko baino ez du balio", azpimarratu du Basterrikak.

Horrez gain, dagoeneko jeltzaleek eta PSEk aurrekontuen inguruko akordioa hitzartu duten susmoa agertu dute EHAK-ko legebiltzarkideek, hain zuzen ere, euskal Y -aren inguruan lortu duten ituna dela eta. Ildo horretatik, Jaurlaritzaren proiektuarekiko desadostasunik handienak " euskal Y-aren, euskalduntzearen, oinarrizko errentaren, etxebizitzaren eta unibertsitate nazionalaren" inguruan dituztela azaldu du Basterrikak.

Hala eta guztiz ere, Jaurlaritzak berengana urreratzeko pausuak ematen baditu, aurrekontuak onartu hala izateko "beren esku" dagoen guztia egingo dutela nabarmendu dute EHAK-ko legebiltzarkideek.

PSEk, berriz, ukatu egin du Jaurlaritzarekin akordiorik lortu dutela, baina "negoziatzen" ari direla onartu du. Batetik, Miguel Buen Gipuzkoako PSEren idazkari angusiak eta Gemma Zabaleta alderdi horretako legebiltzarkideak zabaldu dute mezu hori, Donostian eman duten prentsaurrekoan. Bestetik, Patxi Lopez PSEko idazkari nagusiak ildo bereko adierazpenak egin ditu. Lopezek agertu du "azken orduetan" harremanak izan dituztela Jaurlaritzarekin aurrekontuen auzian jarrerak hurbildu ahal izateko. Hala ere, oraingoz ez dagoela "aurrerapauso erabakigarririk" adierazi du, eta, beraz, "oraingoz" osoko zuzenketari eutsiko diotela.

Azkarraga "guztiei" irekita; Madrazok erraztasun gehiago sumatzen ditu EHAKrekin

Oposizioko taldeak ez ezik, Jaurlaritzako hirukoko ordezkariak ere mintzatu dira aurrekontuen inguruan. Joseba Azkarraga Justizia, Enplegu eta Gizarte Segurantzako sailburuak (EA) "guztiekin" hizketan ari direla esan du, eta "PSErekin, EHAKrekin zein Aralarrekin akordio aukerak" izatea gustatuko litzaiokela agertu du.

Javier Madrazo Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietarako sailburuak (EB), berriz, EHAKrengan PSErengan bainoakordiorako jarrera hobea sumatzen duela adierazi du. Madrazok ukatu egin du sozialistekin ituna egina daukatela: "Printzipioz, zailtasun handiagoak ikusi ditut PSErekin akordioa lortzeko EHAKrekin baino, PSEk jarri dituen baldintza politikoengatik", adierazi du.

PPk, PSEk eta EHAK-k osoko zuzenketak aurkeztu dituzte Jaurlaritzaren aurrekontu proposamenen kontra. Aralarrek, berriz, 313 zuzenketa partzial aurkeztu ditu, "asmoa ez delako aurrekontuak itzultzea edo luzapen bat probokatzea, hobetzea baizik".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.