Proposamena Eusko Legebiltzarreko Mahaira heldu da ondoren; 10:00etan bildu dira horiek. Asmoa da osteguneko osoko bilkuran Iturbe EITBko zuzendari hautatzea, EAJ eta PSE-EEren botoekin.
Idoia Mendia PSE-EEko ordezkariak azaldu duenez, PSErentzat "oso garrantzitsua" zen aurreko legealdiko irrati-telebista publikoaren ereduarekin jarraitzea. Gainera, uste du EITB "autogobernuaren zutabe bat" dela, eta horrek "neutraltasun informatiboari" eutsi eta oinarri nagusienen artean izan behar dituela kulturaren eta euskararen sustatzea.
Gaineratu du EAJrekin lortutako akordioa ez dela soilik EITBren gainekoa, bestelako erakundeetara ere heltzen dela, Herri Kontuen Euskal Epaitegira, esaterako.
1984. urtean sartu zen Iturbe EITBn. 1989. urtetik irrati eta telebista publikoko ekoizpen zuzendari da. Donostiako Miramongo egoitzako arduradun ere bada. Azken datu hori ez da oharkabean igaro; izan ere, ekoizpen zentro horren bideragarritasuna ezbaian jarri dute azkenaldian. Enpresa Zientzietan lizentziaduna da Iturbe, eta EITBtik igaro diren zuzendari nagusi guztiekin lan egin du.