Eusko Jaurlaritzak Estatutu politiko berri baterako onartu duen proposamena "kontsentsurik gabe" egin dela kritikatu du Ramon Rabanera Arabako Ahaldun Nagusiak. "Diputazioei ez zaigu ezer planteatu ere egin", azpimarratu du, eta horrez gain, "datu ekonomikoak eta tranferentziak oso inplizituki" jasotzen dituela.
Arrazoi horiek guztiak direla medio sartu zuen astelehenean Rabanerak helegite administratibo bat EAEko Justizia Auzitegi Nagusian. Helegite hori ez dutela Moncloan prestatu argitu du, eta helegitea Arabako Diputazioko zerbitzu juridikoek prestatu dutela nabarmendu. "Ekimena nirea izan da, proposamen hori Arabako Foruen aurkako baita, eta Foruak dira Euskadiko autonomiaren esentzia", azpimarratu du.
Kazetariek, ordea, helegitea azkarregi jarri ez ote duen galdetu diete Rabanerari, eta honek "ahalik eta azkarren egin beharreko gauza bat dela" erantzun die, Jaurlaritzaren proposamena ekimen legegile bat delako, eta "euskal gizartea eta alderdiak zatitzen ari delako". "Politikook herritarren arazoak konpontzeko gaude, eta ez arazo gehiago sortzeko", esan du.
Politika
Jaurlaritzaren proposamenak "zatiketa eta bazterketa" ekartzen duela esan du Ramon Rabanerak
Ramon Rabanera Arabako Ahaldun Nagusiak Radio Euskadin adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak iragan larunbatean onartu zuen proposamenak "zatiketa eta bazterketa" dakar, "euskal gizartea zatitzen ari direlako eta alderdi politikoen kontsentsua ez daukalako". Astelehenean EAEko Justizia Auzitegi Nagusian helegite administratibo jarri zuen proposamenaren aurka Rabanerak, "Arabako foruen aurkako ekimen bat delako".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu