Eusko Jaurlaritzako Hizkuntz Politikarako Sailburuordetza pozik dago otsailean abian jarritako gaztelania-euskara itzultzaile automatikoa izaten ari den emaitzekin. «Egunez egun haren kalitatea hobetzen ari da, zehaztasun handiagoa du eta gero eta erabiltzaile gehiago ditu».
Hasiera batean itzultzailearen inguruan zalantzak izan zirela aitortu du Jaurlaritzak. «Orain, beldurrik gabe esan dezakegu arrakastaz funtzionatzen ari dela». Erabilera datuak baliatu ditu hori frogatzeko. Otsailean, adibidez, 54.883 dokumentu itzuli zituen, eta maiatzean, 335.190. Itzulitako esaldietan ere igoera izan da: 1.525.487tik 29.948.918ra. «Itzultzaile automatikoa laguntza tresna bat da. Hasieran hutsak egin ditzake, baina erabiliahala kalitatea gero eta handiagoa da. Kasu honetan ere hala gertatzen ari da». Hilabete hauetan hainbat doikuntza egin dituzte hori lortzeko: izen berezietan, lexikoan, sigletan, egitura batzuetan...
Pedagogia egiten jarraitu beharra nabarmendu du Jaurlaritzak. «Jakin behar dugu makinari zer eska diezaiokegun, eta zer ez. Ahaztu gabe, jakina, makinak ematen duen itzulpena beti zuzendu behar dela».
Gainera, gogorarazi du testu neutroak, erregistro formalekoak eta oso egitura finkoak eta errepikakorrak itzultzeko balio duela. «Ezin da emaitza onik lortu lagunen arteko erregistroan idatzitakoan. Gainera, itzultzailea ezin da hiztegi moduan erabili, hau da, ezin du ordezkatu hiztegi bat».
Etorkizunera begira, itzulpenen memorien banku publikoa garatzen ari da Hizkuntz Politikarako Sailburuordetza, eta urte amaierarako prest izatea espero du. «Gero itzultzailearekin uztartu nahi dugu. Hala, sistemak itzuli beharreko testua bankuan badago, hortik hartuko da. Ez da itzultzailera jo beharko».
Gainera, egungo itzultzailea smartphone eta tabletan erabiltzeko prestatzen ari dira. 2013. erdialderako, berriz, euskara-gaztelania eta ingelesa-euskara itzultzaileak prest izatea espero dute.
Jaurlaritzaren ustez, «arrakasta handia» izaten ari da itzultzaile automatikoa
Datorren urterako euskara-gaztelania eta ingelesa-euskara itzultzaileak prest edukitzea espero dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu