ETA-ren su-etena bertan behera. Erreakzioak

Jaurlaritzaren ustez, "ETA iragan beltzera itzuli da"

Miren Azkarate bozeramaileak uste du erakunde armatuak "ezker abertzalea berriro ere inolako babes politikorik gabe" utzi duela. "Irteera bakarra da: indarkeriaren amaiera eta ETAren behin betiko desagerpena".

2007ko ekainaren 5a
18:43
Entzun
"ETAk bart gauean su-etena hautsi duela eta iragan beltzera itzuli dela adierazi du, herio eta saminaren, xantaiaren, beldurraren eta mehatxuaren iragan beltzera". Hala uste du Eusko Jaurlaritzak, gaur Gernika-Lumon (Bizkaia) Miren Azkarate bozeramailearen bitartez egin duen adierazpenaren arabera. "Irteera bakarra da: indarkeriaren amaiera eta ETAren behin betiko desagerpena".

Jaurlaritzaren ustez, "broma makabroa da ETAk su-etenaren haustura orain iragartzea, dagoeneko hautsia baitzuen abenduaren 30ean Barajasko lehergailuarekin".

"Noren izenean eta zeren izenean ari da ETA?", galdetu du Azkaratek. "Euskal Herriaren izenean ez", erantzun du berak. Izan ere, Jaurlaritzaren iritziz, "herri hau bere historia, sustrai, kultura eta eskubideen jabe da. Gerrak eta diktadurak pairatu ditugu eta aurre egin diegu gure eskubideak demokratikoki defendituz".

ETA "herri honen erabakitzeko eskubidearen izenean ere ez" dela ari uste du Jaurlaritzak. "Herriari zor zaio bere etorkziuna bakean eta askatasunean erabakitzeko eskubidea, eta hori demokrazian gizarteari dagokio eta erakundeetan defenditzen da. Herriari berea: bakea eta erabakitzeko eskubidea. Hori defenditzen du Eusko Jaurlaritzak".

ETAren iragarpenak ezker abertzaleari "erantzuten" diola ere esan du Azkaratek, "honek [ezker abertzaleak] eskatu zion baldintzarik eta mugarik gabeko su-etena guztiz ukatuz". Eta ondorio batera heldu da: "ETAri herritarren gehiengo zabalaren bake asmoa bost axola zaio eta berdin ezker abertzalekoak adierazitakoa; berriro ere inolako babes politikorik gabe utzi du ETAk ezker abertzalea". "Bakarrik daude", esan du ostean. "Herri honen, gizarte honen kontra jarri dira".

Haren ustez, erakunde armatuaren erabakiak "Euskal Herrian eta euskal gizartean haserrea eta amorrua eragin dute".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.