POLITIKA

Jaurlaritzari kontu ikuskatze "independente" bat egiteko eskatuko du Urkulluk

Eusko Jaurlaritzarako hautagaiak aurrekanpainan murgildu dira buru-belarri. Asteburu osoan hainbat ekitaldi egin dituzte alderdiek. 

2012ko irailaren 3a
13:02
Entzun

Iñigo Urkullu EAJko lehendakarigaiak adierazi du alderdiak urriaren 21eko bozak irabaziz gero, Eusko Jaurlaritzari kontu ikuskatze "independentea" egitea eskatuko duela, Jaurlaritzaren barne organoen "zintzotasuna" indartzeko. Urkulluren esanetan, Carlos Aguirre Ekonomia sailburuak Jaurlaritzaren kontuak azaltzeko egindako agerraldiaren ostean, beharrezkoa da Jaurlaritzaren kontuak "berrikustea" eta "bere tokian jartzea". Horretarako, "kanpoko kontu ikuskatze independentea" egitea omen da bidea.

Radio Euskadin egindako elkarrizketan EAJko buruak esan du "konfiantza" duela Jaurlaritzako eta Espainiako Ogasun Ministerioko funtzionarioengan, baina haren ustez, "beharrezkoa da gizartearen aurrean gobernuaren egoera ekonomikoaren inguruko gardentasun eta zintzotasun ariketa bat egitea". Bestalde, EAJk "laguntza sozialetan" ez duela murrizketarik egingo hitz eman du, eta zergak igo gabe ekonomia indartzeko eta enplegua sortzeko diru-sarrerak bilatuko dituztela. Urkulluk berretsi du Lopezen gobernuak hamar aldiz bikoiztu duela EAJk utzitako zorra. Ibarretxek 642 milioi euroko zorra utzi zuela adierazi du eta sozialistek urtea 6.500 milioi euroko zorrarekin ixtea aurreikusten omen dute. 

Bestalde, EH Bilduk atzo Bilbon egindako ekitaldia izan du hizpide Urkulluk. EH Bilduk lehenengo jaurlaritza gogoan izateak "iraingarritzat" jo du EAJko buruak "Agirreren balore demokratiko eta etikoak ezker abertzalearengan oraindik ikusteke daudelako"

Lopez: "Ez dut nere burua EAJrekin batera koalizioan gobernatzen ikusten"

Radio Euskadin hitz egin du Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ere, eta adierazi du ez duela bere burua "EAJrekin batera koalizioan" gobernatzen ikusten, eta jeltzaleek aurkeztutako erreforma fiskala "guztiz ezberdina" dela esan du, PSE-EEk aurkeztutakoarekin alderatuz. Lopezek ere egin dio erreferentzia EH Bilduren kanpaina aurreko ekitaldiari eta atera duten argazkia "faltsua da erabat", lehendakariaren esanetan.

Mintegik Agirreren gobernua gogoan

Laura Mintegi EHBilduko lehendakarigaiak "herrialdeak behar duen etorkizun aske eta burujabea" defendatu zuen atzo aurrekanpainaren baitan Bilboko Carlton Hotelean egin zuen ekitaldian. Urriaren 21eko hauteskundeak irabaziz gero bero ondoan izango duen lan taldearekin agertu zen Mintegi. Datozen egunetan programaren xehetasun guztiak azalduko duela iragarri du.

Mintegik Jose Antonio Agirre lehendakaria izan zuen gogoan, "burujabea izen den lehen eta azken Jaurlaritza izan delako". Agirrek batasun eredua babestu zuela esan zuen lehendakarigaiak. Datozen hauteskundeak hautagai guztien proiektuak ezagutzeko aukera ona direla esan du EH Bilduko buruak, baina oro har bi eredu daudela azaldu du: "EHBildurena bat, eta bestea, beti Espainiari begira eta eredu neoliberalaren defentsan dagoena".

PPri "bost axola" preso gaixoak

Basagoitik preso gaixoak "bost axola" zaizkiola adierazi zuen atzo, Araban egindako ekitaldi politikoan. Gainera preso gaixoen auziarekin arreta desbideratu eta atzetik independentziarako bidea josten ari direla ohartarazi du Basagoitik. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.