Eusko Jaurlaritzak gaur atera du Euskal Autonomia Erkidegoan 1968-1978 urteen artean izandako "motibazio politikoko biktimei" buruzko dekretua, eta biktimek diru aldetik 35.000 eurotik 390.000 arteko kalte-ordaina jasoko dute.
"Giza eskubideen urraketaren ondorioz izandako sufrimendu bidegabeen biktimei aitorpena eta erreparazio osoa" egingo die Jaurlaritzak, dekretuaren arabera. Biktimak, diruaz jasotzeaz gain, "birgaitzea, arreta pertsonala eta gogobetetze morala ere jasoko ditu".
Heriotzagatik Jaurlaritzaren kalte-ordaina 135.000 eurokoa izango da, baliaezintasun handiko kalte-ordaina 390.000 eurokoa, ezintasun iraunkor erabatekoa 95.000koa, ezintasun iraunkor osoa 45.000koa eta ezintasun iraunkor partziala 35.000koa.
Jaurlaritzak pertsona bat biktimatzat hartzeko baldintzak: "sufrimendu bidegabeak" EAEn gertatutakoak izatea edo ekintza EAEtik kanpo izandako kasuetan biktima aipatutako erkidegoan izatea egoitza.
"Motibazio politikoko indarkeriatzat ulertzen da aldi ez- konstituzional horretan gertatu zen indarkeria", dio dekretuak. Indarkeria hori poliziek edo beste funtzionario publiko batzuek "beren eginkizunak betetzean edo betetze horretatik kanpo eragindako ekintza bidegabeak" dira, "baita administrazio publikoa osatzen ez duten laguntzaile batzuek eragindakoak ere".
Jaurlaritzak argitu du "inola ere" ez duela "sufrimendu bidegabetzat hartuko edozein jarduera indarkeriazko egiten ari zirenek edo egiteko asmoa zutenek jarduera horiek egiterakoan" izandako heriotza edo zauriak.