Emakumeen parte-hartzea arautzen duten hainbat lege daude Euskal Herriko erabaki guneetan. Eusko Jaurlaritzak, adibidez, Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Legea onartu zuen 2005ean, eta ordutik nabarmen hazi da emakumeen presentzia EAEko administrazio publikoetan. Lege horren arabera, alderdien hautagaitza zerrendetan gutxienez erdiak emakumeak izan behar dute, eta seinako multzoetan gutxienez hiru emakumezkok egon behar dute.
Hala, Eusko Legebiltzarrean 33 dira emakumezkoak (%44), eta 42 gizonezkoak. Alderdien azterketa eginez gero, EAJk eta PSE-EEk dute batez bestekorik onena. 30 legebiltzarkideetatik erdiak emakumezkoak dira EAJn, eta 25etik 12 PSE-EEn. PPko 15 legebiltzarkidetatik bost dira emakumezkoak, eta Aralarren lautik bat.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan, berriz, orekatua da bi sexuen presentzia. Baina udaletan apalagoa izan da bilakaera. Udalburuen %19,9 emakumeak dira, eta 900 andre inguruk hartu zuten zinegotzi kargua, hots, karguen %35.
Egoera okerragoan daude Nafarroako Legebiltzarrean eta Paueko Kontseilu Nagusian.
Nafarroako Legebiltzarrerako zerrendak osatzerakoan, Espainiako Berdintasun Legea bete behar dute alderdiek. Lege horrek zehazten duenez, zerrendako kideetatik %40tik %60ra bitartean izan behar du bai gizonezkoen eta bai emakumezkoen kopuruak. Hala ere, legeak ez du zehazten zein postutan joan behar duen bakoitzak. Hala, Nafarroan, 50 legebiltzarkidetatik 17 baino ez dira emakumezkoak (%34).
Are okerragoa da Paueko Kontseiluko datua. Han, 50 legebiltzarkide daude orotara, eta haietako zazpi dira emakumezkoak (%14). 50 kontseilaritik 21 aukeratzen dira Euskal Herrian, eta haietatik bi bakarrik dira emakumezkoak.
Paueko Kontseilua eratzerakoan, Kantonamendu bakoitzak kontseilari bat eta ordezkoa aukeratzen ditu. Hautagaitzak aurkezterakoan kontseilari izateko hautagaiak eta ordezko izatekoak sexu banatakoak izan behar dutela dio legeak. Legea bete arren, hautagai gehienak gizonezkoak izaten dira, eta, beraz, kontseilariak ere bai.
Militantzia
Hauteskundeetara aurkezteko zerrendetan emakumezkoen presentzia bermatuta dagoen arren, ez da gauza bera gertatzen alderdien zuzendaritzetan. Emakunderen txosten baten arabera, 2008an PSE-EEren zuzendaritzan %42,9 ziren emakumezkoak, Aralarren %35,3, EAJn %33,3 EBn %31,3 eta EAn %23,5 -PPri eta ezker abertzaleari buruzko datuak falta dira txostenean-.
Afiliatuen inguruko datuak ere jaso ditu. EA eta EB dira emakumezko afiliatu gehien dutenak, %40,1 eta %40, hurrenez hurren. Ondoren datoz: PSE-EE (%38,8), EAJ (%36,3) eta Aralar (%19).
Euskal Herriko alderdiek beste herrialdeetako alderdi gehienetan ematen den emakumezkoen afiliazioaren kopuru txikiaren joera jarraitzen dute, Arantxa Elizondo Emakundeko idazkari nagusiak hamarkada honen hasieran eginiko ikerketa batek jasotzen duenez.
Hala ere, alderdien ezker-eskuin kokapena kontuan hartuta, Elizondok aldea nabari du Euskal Herriko alderdien eta kanpokoen artean. Ikerlariak azaldu duenez, eskuineko alderdietan ezkerrekoetan baino emakume afiliatu gehiago izan dira historian; Euskal Herrian, baina, joera hori ez da hain nabaria izan.
Aitzitik, emakumeak gehiago izan dira ezkerreko alderdietako zuzendaritzako karguetan eskuinekoetan baino. «Ezker-alderdietako zuzendaritzetan emakume gehiago egotearen arrazoien artean ezker-alderdiak mugimendu feministen postulatuetatik hurbilago daudela azpimarratuko nuke, eta, neurri handi batean ideia honekin berarekin lotuta, kuoten eta beste mota bateko sustapen-neurrien aplikazio orokorra egongo lirateke», adierazi du Elizondok.
Independentismo-zentralismo eskala aztertuta ere, ikerlariak ez du aldaketa handirik nabari Euskal Herrian. «Dimentsio hori ere ez da emakumezkoen afiliazioa interpretatzeko erabilgarria».
Proposamen zehatzak
Ainhoa Novok azaldu duenez, bozka portaera azaltzerako orduan ideologiaren pisua gutxitu egin da gaur egun. Uste du gakoa alderdi politikoen proposamen zehatzetan dagoela, eta ideia hori azaltzeko AEB Ameriketako Estatu Batuetako kasua aipatzen du. «Emakumeen bozaren erabakigarritasunaz mintzo dira AEBetan, eta Barack Obamaren garaipena jartzen dute adibide gisa. Kontua ez da emakumeak ezkertiarragoak direla orain; Alderdi Demokratari eman diote babesa,alderdi horrek emakumeentzako garrantzitsuak diren gaiak jorratu dituelako».
Elizondoren aburuz, jarrera hori garrantzitsua da emakumeak politikara hurbiltzeko, baina hankamotz geratuko litzateke emakumeen parte-hartzea ziurtatuko ez balitz. «Arrazoi ezberdinak aipa daitezke hori ulertzeko: alde batetik, emakumeek beren arazoak eta eskakizunak planteatzeko eskubidea dutela; baina badago beste argudio nagusi bat, esparru politikoan emakumerik ez egoteak eragin negatiboa duela emakume guztiei buruz dagoen irudian eta balorazioan», azaldu du Elizondok.
EMAKUMEAK ETA POLITIKA. EUSKO JAURLARITZAREN TXOSTENA
Jauzi kualitatiboa
Emakumeek alderdi politikoetan eta erakunde publikoetan duten presentzia handitu den arren, gizonek jarraitzen dute zuzendaritza karguetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu