Ez da berria. Eta hein handi batean naturala ere bada. Herrialde askotan ohikoa da alor publikotik pribaturako jauzia egitea, eta Euskal Herria ez da salbuespena. Kargu publikoa utzi eta komenientziazko aholkulari edota enpresetako goi ordezkari izatera pasatu den politikari ohien zerrenda luzea da: Jose Antonio Ardanza, Josu Jon Imaz eta Nicolas Redondo Terreros, batzuk aipatzearren. Azkena delako edota karguak duen esanahiagatik, Nuria Lopez de Gereñu Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan sailburua izandakoa Confebask Araba, Bizkai eta Gipuzkoako enpresaburuen elkarteko idazkari nagusi izendatu izanak komunikabideetara ekarri du berriz ere gaia.
Lopez de Gereñuk enpresaburuen elkartea «politizatuko» ote duen zalantza agertu dute batzuek. Eusko Jaurlaritzak, halere, eztabaida baztertu nahi izan du, eta Confebaskekin dituen harremanak onak izan direla eta aurrerantzean ere halakoxeak izango direla nabarmendu du.
Elkartearen politizazioaz haratago, sailburu ohia hautatzeko erabili diren irizpideak sortu du mesfidantzaren bat edo beste. Lopez de Gereñuk baino curriculum hobea eta egokiagoa zuten hautagaiak kanpoan utzi izanak haserrea eragin du Confebaskeko sektorebatzuetan.
Agerikoa da Lopez de Gereñukadministrazio publikotik enpresara egin duen jauzia samurraizan dela. Telekomunikazioetako Goi Mailako Ingeniaritzako lizentziaduna da Lopez de Gereñu. Politikari izan baino lehen erantzukizun txikiko lanpostuak izan zituen: besteak beste, Vicomtech enpresa teknologikoan jardun zuen ikertzaile laguntzaile edo bekadun moduan eta Osakidetzan ere lan egin zuen informatikari gisa. 1998an, 29 urte zituela, Eusko Legebiltzarrerako aukeratu zuten, eta 2005ean izendatu zuten Garraio eta Herri Lan sailburu. Kargu horretan 2009ra arte egon zen.
Era berean, halako erabakiek gizartean ere sortzen dute eztabaidarik, etikaren alorrean bereziki. Politikatik enpresa pribatura hain modu errazean igarotzeak klase politikoarekiko konfiantza gutxitu ez ezik, sistema politikoa bera ere jartzen du ezbaian. Juan Hernandez Zubizarreta EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Lan Zuzenbideko irakasleak argi dauka «profezia» moduko bat betetzen dela. «Susmoa dugu politikariek ekonomiaren sektore jakin batzuen menpe edo haien mesedetan lan egiten dutela; kargua uzten dutenean, enpresa pribatura salto egiten dutela ikusten dugu». Horren harira, eztabaidarako galdera bat proposatu du Hernandez Zubizarretak: «Zergatik ez dute kargua utzi ondoren gizarte mugimenduetan parte hartzen? Disimulorik gabe aritzen dira».
Lopez de Gereñurena ez da kasu bakana. EHUko irakaslearen iritzian, kargu publikoen bateraezintasunaren gaineko kontrol faltak aukera ematen du, besteak beste, enpresa pribaturako jauzia. «Nire ustez, debekatuta egon beharko luke, ezartzen dituzten kontrolak irrigarriak baitira».
Orain arte Hego Euskal Herrian indarrean dauden legediek ez dute jarduera hori modu zorrotzean arautu. Nafarroako Gobernuak egin du urrats txikiren bat bide horretan. Administrazioko goi kargudunek kargua utzi ondoren egiten dituzten jarduera pribatuei muga edo kontrolak ezartzera bideratutako legea dauka 2007az geroztik. Hala, lege berriak jarduera pribatuetan parte hartzeko debekua bi urtez ezarri die kargua uzten duten kargudun publikoei.
Eusko Jaurlaritzak ere saioren bat egiten du prozesu hori arautzeko. 1983tik indarrean den legea aldatzeko proposamena aurkeztu zuten aurreko legealdian. Bidean galdu da legea.
Nolanahi den, jauzi horrek aratua eta kontrolatua egon behar du Espainiako Estatuaren menpe dauden lurraldeetan, hala dio Espainiako Konstituzioaren 103. artikuluak behintzat. Baina 30 urte baino gehiago pasatu dira, eta ez dago lege zehatzik alor horretan. 2006an onartutako Interesen Gatazkarako Legeak, adibidez, jarduera pribatuak debekatzen ditu kargua utzi eta hurrengo bi urteetarako, baina Madrilgo Gobernuak muzin egin dio lege horren azken xedapena garatzeari, eta ez du, beraz, legea betetzea bermatuko lukeen araudia indarrean sartu oraindik. «Politikariek beraiek egiten dituzte arauak, eta argi dago ez dutela kontrolik ezarri nahi», azaldu du EHUko irakasleak.
Ipar Euskal Herrian, berriz, ez dago lege espezifikorik. Frantziako legediaren arabera, herritar bat aldi berean izan daiteke politikari eta enpresari, bere interes pertsonalengatik administrazioaren jarduna eragozten ez badu. Lege lauso horrek hainbat kasu bitxi ekarri ditu. Ezagunena, Michel Intxauspe bankariarena da. Frantziako Asanblea Nazionalean diputatu hautatu zuten 1967an, eta 43 urtez eutsi zion eserlekuari. Frantziako Estatu Idazkaritzako Itsasoz Haindiko ministroa izan zen 1958-69 bitartean. Garaziko kantonamenduko jende asko lagundu zuen Intxauspek bere bankuarekin, eta laguntza horiengatiko zorrak kitatzeko edo, jendeak Intxausperen alde bozkatu ohi zuen.
'Ate birakariak'
Europako Parlamentuan ere noizean behin sortzen da lege baten beharra aldarrikatzen duen ahotsik. Kargua uzten duten politikariei agindu duten atal bereko enpresetan aritzea hiru urtez debekatzea proposatu dute, baina proposamenak zer-nolako bilakaera izango duen ikusteko dago. Izan ere, Europako aginte eremuetan presio taldeen indarra oso handia baita. «Kontrolak ezarri baino, nahiago dute lobby-ei ateak ireki», dio Hernandez Zubizarretak, Revolving door edo ate birakaria deritzon prozesuari erreferentzia eginez.
Europako Batasuneko instituzioetan, erabaki politikoak hartzen dituen parlamentari bakoitzeko enpresen interesak zaintzen dituzten 20 agente baino gehiago daude. «Interesen ordezkari» esaten dieten agente sektorial horiek aholkulari gisa aurkezten dituzte, baina haien lana eurodiputatuen jardueran eragitea dela argi du irakasleak.
Afera honetan «hipokrisia handia» dagoela uste du, halaber. Esaterako, Europako Batzordeko kide batzuek kargua utzi eta presio talde horietako buru izatera pasatu dira. Jean Paul Mingasson, adibidez, industria kimikoaren arauketan aritu zen, baina kargu politikoa utzi zuenean arautegi horren kontrako aholkulari bihurtu zen. James Currie segurtasun nuklearrean eta babes zibilean zuzendari nagusi aritu zen; kargua utzi zuenean British Nuclear Fuels konpainiako aholkulari izatera pasatu zen.
Hernandez Zubizarretaren aburuz, horrek erakusten du agintari politikoen eta korporazio handien arteko harremana oso estua dela. «Batzuek ez dute 180 graduko saltorik eman behar. Ardura publikoak zituztenean jada korporazio handien interesen alde lan egiten zuten, eta lan hori egitegatik saria jasotzen dute». Talde horretan hainbat gobernuburu sartu ditu: Britainia Handiko gobernuburu Tony Blairrek kargua utzi eta JP Morgan banketxeko aholkulari politiko izendatu zuten. Mexikoko Ernesto Zedillo Alcor AEBetako altzairugintza enpresa garrantzitsuenetako zuzendaritza taldeko kide da eta Bill Gates Microsoft enpresaren jabearen aholkularia. Felipe Gonzalez Espainiako gobernuburu ohia Gas Natural Fenosako kontseilari izendatu berri dute, «estatu politikari moduan izan duen onespenagatik, eta Latinoamerikarekin duen harreman estuagatik».
Zerrenda amaigabea da.
Politika eta enpresa. Politikari izandakoak enpresa pribatuetan
Jauzi 'naturala'
Administrazioan izandako urteetan jositako harreman sareengatik edota informazio pribilegiatua izateagatik izaten da politikari ohia erakargarri enpresa munduarentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu