“Ez gara jaio aldarrikatzeko. Aldarria bera baino gehiago, erabaki hori nola eta noiz gauzatu da gure erronka, eta horretara goaz”. Erabakitzeko eskubidea aldarrikatzetik eskubide hori gauzatzera doan bidean “jauzia” egin nahi du Gure Esku Dago-k, eta, horretarako, ekitaldi erraldoi bana antolatuko du Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, ekainaren 21ean, iazko giza katearen arrakasta gogoan.
Eguerdian, “oihal kateak” egingo dituzte Bilbon, Iruñean, Donostian eta Gasteizen. Herriz herri josten ari diren oihalak batu egingo dituzte hiriburuetan, “borondateen elkartzea” irudikatzeko. Ordu erdiko ekitaldia izango da, eta oso jendetsua izango dela espero da.
#E21-ean hiriburuak betetzera goaz!! pic.twitter.com/pn5Rq4BySR
— Gure Esku Dago (@GureEskuDago) May 29, 2015
Horren ostean, hiriburu bakoitzak egitarau berezia izango du. Bilbon, San Mames Barria betetzea izango da erronka, eta ekitaldia “sorpresaz beterik” egongo dela iragarri dute. Iruñean, berriz, zezen plazan egingo dute arrats parteko ekitaldia, eta “sanferminen aurrekaria” izango dela esan dute. Gasteizen, Buesa Arena betetzea dute helburu, eta Donostian, Anoeta “borondateen eztanda” bilakatu nahi dute. Arratsaldeko ekitaldi guztiak 17:30ean hasiko dira.
Alderdi politiko bakoitzaren “estrategia eta interesetatik harago”, eta horiek ere kontuan hartuz, “herritarren borondateak” elkartu nahi dituzte Gure Esku Dago-koek ekainaren 21ean: “Erabaki nahi duen herri bat elkarlanean jartzea lortuz gero bidearen erdia egina” izango dela adierazi dute.
Sarrerak, salgai
Ekitaldi nagusietara sartzeko sarrerei buruzko informazioa ere zabaldu dute antolatzaileek. Herriz herriko eta hiriburuetako lokalez gain, dinamikaren webgunean ere jarri dituzte eskuragarri. Mugikortasun arazoak dituztenek internetez erosi beharko dituzte sarrerak, eta lagun batekin joateko aukera izango dute.
Internet bidez erositako sarrerak ekainaren 15etik 19ra arte eskuratu ahalko dira hiriburuetako lokaletan eta egunean bertan ekitaldietako espazioen leihatiletan. Gainera, umeen kotxeak ezingo dira ekitaldien espazio barruetara sartu; horretarako, horiek gordetzeko lekuak izango dira inguruan.
2 urtetik beherako haurrek doako sarrera dute, baina sarrera eskuratu behar dute. 3-14 urte bitartekoentzat 5 euroko prezioan izango dira salgai, eta 15 urtetik gorakoentzat, 10 euroan.