politika

Javier Caño EAko kide historikoa hil da

Eusko Jaurlaritzan kontseilari izan zen Lehendakaritza, Lan eta Justizia sailetan.

2009ko irailaren 10a
13:17
Entzun
Javier Caño Moreno EAko kide historikoetakoa eta eusko legebiltzarkide izandakoa hil da gaur. Barakaldon sortu zen (Bizkaia), 1943an. EAn zuzendaritzan parte hartu izan zuen, formazio alorrean-eta ardura hartuta.

2006an EAko Alkartasuna Fundazioko lehendakari izendatu zuten. "Estatutua erabiliz hemen egunero autodeterminatzen ari garela entzun izan dut, autodeterminazioaren esanahia desitxuratzeko. Formazio minimo bat duen edonork badaki horrek ez duela zerikusirik autodeterminazioarekin. Hori dioenak esanahia desitxuratu nahi du interes politiko batzuen arabera. Beraz, ez dago soberan fundazio batek kontzeptuen esanahiak argitzea. Horretarako, hitzaldiak egin, ikerketa bekak abiatu eta hausnarketa guneak sortzeko asmoa dugu", zioen BERRIAn maiatzean.

1979-1980an Euskal Kontseilu Nagusiko idazkaria izan zen, eta 1980-1985ean Eusko Jaurlaritzan hartu zuen parte, Lehendakaritza eta Lan sailetan, lehendakari Carlos Garaikoetxea zela, EAJko kide gisa. Gero EAra pasatu zen. 1986-1990 artean Eusko Legebiltzarreko parlamentari izan zen eta 1991n Justizia kontseilari izendatu zuten.

Zuzenbidea ikasi zuen, eta 1997-1999 artean Deustuko Unibertsitateko dekanoa izan zen Zuzenbide Fakultatean. Hainbat lan idatzitakoa da foruez eta eskubide historikoez; adibidez, Nacionalismo, autodeterminación e independencia.

Pello Urizar EAko idazkari nagusiak adierazi du "Euskal Herriarekiko konpromisoa" agertu zuela Cañok, "Garaikoetxea lehendakariarekin batera Euskadiren autogobernuaren zimendua jarri zuelako".

Bihar izango da haren aldeko hileta elizkizuna, Getxon (Bizkaia), Areetan, 19:00etatik aurrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.