PPko Javier de Andres da Arabako diputatu nagusia, PSEren bederatzi ordezkarien babesa lortu eta gero. 51 biltzarkideetatik 25en botoak lortu ditu PPko hautagaiak, bere taldekideek eta PSEkoek emandakoak. Ezusterik ez zen izan atzoko bozketan, eta gehiengo sinplearekin bigarren itzulian lortu zuen kargua De Andresek. Giltza, baina, Ezker Batuko bi biltzarkideek izan zuten, beren hautagai Nerea Galvezi botoa emanda PPren esku utzi zutelako Arabako Aldundia. Bezperan, alderdiko militantziak erreferendumean hartutako erabakia bete zuten EBkoek, eta Xabier Agirre jeltzaleari babesa ematea baztertu zuten. EAJko hautagaiak, hortaz, bere taldeko 13 biltzarkideen botoak eta Bilduren 11 biltzarkideenak jaso zituen.
Bozketa bukatu eta minutu gutxira, kargua zin egin eta diputatu nagusiari dagokion domina eta makila eman zizkion Juan Antonio Zarate Biltzar Nagusietako lehendakariak De Andresi. Alderdikideen besarkadak eta zorionak jaso zituen jarraian; lehena, Xabier Agirreren eskutik. Kargua hartzean, elkarrizketa eta adostasuna eskaini zizkien gainerako alderdiei, «gehiengo zabalak eta sendoak lortzeko asmoz». Bildurekin, berriz, ezdu harremanetarako aukerarik ikusten PPkoak, koalizioak ETArekin duen jarrera «irmoagoa» ez bada. Halaber, jakinarazi zuenez, hamarretik zortzira murriztuko ditu foru departamentuak, zorroztasun ekonomikoa bultzatuko ditu, eta gastuak gutxituko.
Ikusmin handia piztu zuen atzoko inbestidura saioak, eta polemikarik ez zen falta. Azken egunotan EBren eta EAJren arteko negoziazioak hautsi eta gero, bi alderdien arteko harremanak tenkatuta daude, eta agerian geratu zen hori saioan, nabarmen. Programan desadostasunak zirela-eta jeltzaleekin akordiorik lortzea ez zela posible izan azaldu zuen Ezker Batuko hautagaiak goizeko hitzaldian, eta hori esatea «lotsagabekeria politikoa» zela aurpegiratu zion Agirrek EBri erantzunen txandan.
EAJko hautagaiak gogor jo zuen EBko kideen aurka, eta azken asteetan izan dituzten negoziazioetanprogramari zegozkion proposamenak alde batera utzita, bestelako eskakizunak egin zituztela jakinarazi zuen. Agirrek salatu zuenez, EBk datozen lau urteetan 39 afiliaturi —tartean, Julia Madrazo, Serafin Llamas eta Jose Navas— hainbat kargu ematea eskatu zion EAJri, honen hautagaia babestearen truke, bai eta 600.000 euroko kreditu bat ematea ere, nahiz eta horretarako beharrezkoak diren bermerik ez egon. Jeltzaleek «duintasun politikoagatik» ez zuten eskaintza hori onartu, eta negoziazioak hautsi egin ziren, Agirrek azaldu zuenez. Haserre mintzatu zen EAJko hautagaia EBren aurka: «EBk ezkerretik ez du ezer, eta batutik ere ez».
EAJren salaketak gezurtatu egin zituen Mertxe Etxezarreta EBko biltzarkideak jarraian, eta jeltzaleak epaitegietara eramateko aukera aztertuko dutela ohartarazi zuen. «Gezurretan» aritzea leporatu zion EBkoak EAJri, eta kritikatu zuen bere alderdiaren aurkako «irainak» jeltzaleek akordioetara iristeko gaitasun ezaren ondorio baino ez zirela. PPk Aldundia eskuratu izana ez zela bere erantzukizuna gaineratu zuen Galvezek. Ezker Batuko militantziaren borondateari jarraiki, «programa aurrerakoi eta ezkertiar bakarra» berea zela defendatu zuen, eta bere esku zegoela soilik Aldundiak ezkerreko norabidea hartzea. Bilduren eta PSEren botoak ere eskatu zituen, Araban «gobernu aurrerakoia eta ezkertiarra» osatu ahal izateko.
Alde bateko zein bestekoek, Ezker Batuari zuzendu zizkioten mezu gehienak atzoko saioan.Bilduko eledunGorka Ortiz de Ginearentzat, «ulertezina»da Ezker Batuak bizkarra eman izana aro politiko berriari ateak zabaltzeari, Arabako Diputazioa PPren esku utziz. «Gaur hemenziklo aldaketari ateak irekitzeko aukera galdu da», ohartarazi zuen. Hala, «Europako eskuin atzerakoiena» Araban gobernatzen uzteagatik «interes alderdikoi, ekonomiko eta ezkutuak» izatea aurpegiratu zien Bildukoak EBko biltzakideei. Haren ustez, EBk dauka hartutako norabidearen erantzukizun osoa, eta egindakoaren azalpenak eman beharko dizkie bere militantziari, oinarri sozialari eta Araba osoari.
Adostasunerako deia
EBrekin izandako polemikaz harago, aurrera begirako adostasunen beharraz mintzatu ziren taldeak. PPk gutxiengoan gobernatu beharko duenez, De Andresek bere lehentasunezko bazkide den PSEri elkarlanerako keinua egin zion. Onartu zuen bi alderdien artean ezberdintasun asko dituztela, baina «arau demokratikoak» kontuan hartuta jarduten dutela eta bien arteko akordioak jarraipena izango duela. PSEko biltzarkideCristina Gonzalezek ohartarazi zuen euren botoak «politika aurrerakoi eta sozialak bultzatzekoeta enplegua sortzeko» bideratukodituztela. Bilduk, berriz, normalizazio politikoaren alde elkarlanean aritzeko deia egin zien alderdiei, eta EAJ prest agertu zen horretarako.
Arabako Biltzar Nagusiak. Ahaldun nagusiaren hautaketa
Javier de Andres da ahaldun nagusi, PSEk babestuta
Ezker Batuko bi biltzarkideek beren hautagai Nerea Galvezen alde bozkatu dute, eta PPk diputazioa lortzea ahalbidetu duteAgirrek salatu du EBk postuak eta dirua eskatu zizkiola EAJri hura babesteagatik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu