Biltzar exekutiboko kideak berritu ditu PSNko Biltzar Federalak gaur, eta aldeko 89 boto jasota izendatu dute Javier Monzon alderdiko presidente. 50 kidek abstentziora jo dute, eta, hala, %64ko babesa izan du Monzonek. Roman Felones zen presidentea, baina hura Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte Kontseiluko presidente izango dela-eta, alderdiko kargu hori berritu behar zuen PSNk.
Badira aldaketa gehiago ere. PSNk ohar batean jakinarazi duenez, Elena Torresek Maria Chivite ordezkatuko du gizarte politikarako gaietan, eta osasun idazkaritza hartuko du Chivitek berak. Conchi Barrachina zegoen zeregin horretan.
Monzonek parte hartu zuen Nafarroako Federazio Sozialistaren sorreran 1974an, eta, gerora, PSN sortzeko biltzarrean, 1982an. Tuterako PSNko kidea, hainbat kargutatik igaro da alderdian. 61 urte ditu.