OSASUN ARLOA

Javier Sesma: "Arazo txikiak izan dira, baina nahiko kontent gaude"

Nafarroako Ospitale Guneko Larrialdi Zerbitzuko buruak nabarmendu du "%100ean lanean" ari direla jada; Iruñeko larrialdietako eraikin berria goizeko zortzietan jarri da martxan.

Nafarroako Ospitaleko eraikin berriak. IñIGO URIZ / ARGAZKI PRESS
edurne elizondo
2014ko urriaren 8a
07:33
Entzun

"Arazo txikiak izan dira, logikoak halako eraikin bat martxan jartzen denean, baina %100ean ari gara, eta ongi". Horixe nabarmendu du Larrialdi Zerbitzuko buru Jabier Sesmak, eguerdian egin duen agerraldian. 08:00etatik 11:45era bitarte, 76 gaixo hartu dituzte larrialdietako eraikin berrian. Bertze hamar artatu dituzte denbora tarte horretan Bideko Ama Ospitaleko zerbitzuan. "Gauez etorritako gaixoak dira. Haietako bostek senda agiria jaso dute jada; eta bertze bost horietatik, seguru aski, bakarra ospitaleratu beharko dugu", azaldu du Sesmak.

Goizaldeko bostetan hasi dira larrialdietako eraikin berrian lanean, "dena prest eduki ahal izateko". "Ongi moldatu" direla erran du Sesmak. Informatika sistemak ongi funtzionatu duela erantsi du, eta makinak ere "gaixoak hartzeko prest" izan direla goizean goizetik. "Bertzela ez genuke irekiko. Maiatzean zabaltzeko asmoa bazen, baina data atzeratu zen, hain zuzen ere, ez zegoelako bermerik halako zerbitzu batean behar diren makina guztiak izateko".

Profesionalen jarrera ona nabarmendu du Larrialdi Zerbitzuko buruak. "Laguntzeko prest agertu dira, denbora guztian. Haien lana ederki egin dute". Eguna "luzea" izanen dela erran du Sesmak, eta egunek aurrera egin ahala "xehetasunak fintzen" joanen direla. "Profesionalek lan espazio berri batera egokitu behar dute. Arazo handirik ez dugu izan, hala ere", berretsi du.

Nafarroako Ospitale Guneko larrialdi zerbitzua batzeko prozesuan azken urratsa egin dute egoitza berria zabalduta. 3.500 metro koadroko egoitza da, eta orain arte bi ospitaletan eskaintzen zen zerbitzua hartuko du. Egunean, batez beste, 300 pertsona inguru artatuko dituzte han lanean ariko diren 45 medikuek, 93 erizainek, 58 erizain laguntzaileek eta 59 zaintzaileek. Hiru zirkuitu izanen ditu eraikin berriak, gaixoak larritasunaren arabera artatzeko.

Aspaldiko proiektua da larrialdietako zerbitzu berria. Eraikina Nafarroako Ospitaleko larrialdiak hartzeko diseinatu zuten. 2010ean, ordea, Nafarroako Ospitale Gunea sortu zen, eta proiektua moldatu egin behar izan zuten, bi ospitaleetako larrialdi zerbitzuen batzeari aurre egiteko. Lanak amaituta, berriz egokitu behar izan zuten, TAC makinarik ez zutelako. Gainera, bi ospitaleen arteko lur azpiko lotura egin behar izan zuten.

Gutxik jartzen dute zalantzan larrialdietarako eraikin berri baten beharra. Zerbitzua batzeko eta egoitza berri hori eraikitzeko prozesua, hala ere, ezbaian jarri dute azken urteotan, eta, are gehiago, azken asteotan, larrialdietan aritzen diren profesionalek, sindikatuek eta Nafarroako Parlamentuko oposizioko taldeek. “Inprobisazioa” salatu dute, bai eta Nafarroako Gobernuak “inposizioaren bidetik” jo izana ere. Langileen baldintzetan aldaketak gertatu direla salatu du, adibidez, Medikuen Sindikatuko idazkari nagusi Jose Miguel Lerak, eta Osasun Departamentuak bere asmoen eta proiektuaren berri langileei eman ez izana.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.