Jazarpenak amaitzeko eskatu du Joseba Agudo abokatuak

Bere delitu bakarra «erbesteratuei laguntza ematea» zela esan du abokatuak Auzitegi Nazionaleko epaiketan

Erredakzioa
2012ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Joseba Agudo abokatu errenteriarra atzo epaitu zuten Espainiako Auzitegi Nazionalean. Leporatzen dizkioten delituak ukatu, eta errugabetzat jo zuen bere burua epaimahaiaren aurrean: «Erbesteratuei eta euren familiei laguntza ematea izan da nire delitu bakarra». Horren ildotik, iheslari eta erbesteratuak jazartzeari uzteko eskatu zuen: «Bezeroditudanen atzetik ibiltzeari utz diezaiotela eskatu nahi dut, eta haiek etxera bueltatzeko mekanismoak martxan jar ditzatela ere bai». Halaber, gatazka politikoa konpontzeko martxan dauden ekintzekin bat egitea galdegin zuen.

ETAko kide dela ukatu zuen Agudok, eta bere egitekoa «egoera zailean zeuden pertsonak laguntzea» zela azaldu zion epaimahaiari. Lan hori, gainera, «poliziaren kontrol hertsiarekin» egin behar zuela jakinarazi zion.

Luis Barroso fiskalak, berriz, iheslarien eta ETAko zuzendaritzaren arteko zubi lanak egitea leporatu zion. Iheslarien artean «ETAren aginduak» zabaltzen zituen Agudok, fiskalaren arabera, eta iraultza zerga kudeatzeko eta kobratzeko egituran ere parte hartzen zuen. Hain justu, ETAko kide izatea leporatuta, fiskalak bederatzi urteko espetxe zigorra eskatu du abokatuarentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.