Jean Noel Etxeberri Txetx ELAren Manu Robles Arangiz Fundazioko Ipar Euskal Herriko arduraduna atxilotu du gaur Frantziako Poliziak Baionan, goizeko seietan, etxean. Laurence Le Vert epaileak agindu du operazioa.
Askatasunak jakinarazi duenez, 2004ko atxiloketa batzuekin du lotura gaurkoak. Operazio hartan atxilotuak izan ziren Robert Arricau eta Jean Francois Lefort besteak beste, ETArekin harremana zutelakoan. Gaur, Etxeberri atzemateaz gain, Poliziak Jacques Morio militante independentista okzitaniarra ere atxilotu du, Pauen (Frantzia).
Fernando Iraeta Manu Robles Arangiz Fundazioko arduradunak BERRIA.INFOri adierazi dionez, Frantziako Polizia Judizialak gaur berari deitu dio eta Poliziak esan dio atxiloketak "euskal abertzaletasunarekin lotura" duela.
2004ko operazio hartan Arricau 21 egunez bakartuta eduki zuten, "polizien presioa handia" izan zela salatu zuen gero hark -eta "salaketa faltsuak" egin zituela-, eta Askatasunak dio oraingo operazioan adierazpen haiek hartu dituela Poliziak oinarri.
Etxeberri Abertzaleen Batasuneko kidea ere bada, eta hango bozeramaile izan zen. Batera plataformako koordinatzailea ere izan zen duela zenbait urte.
Manu Robles Arangiz Fundazioak 2006ko urtarrilean zabaldu zuen egoitza Baionan. ELAk salatu egin du atxiloketa, eta Etxeberri "lehenbailehen eta baldintzarik gabe aske uztea" exijitu du. "Atxiloketaren helburua Iparraldeko mugimendu abertzalea beldurtzea da; ez da ahaztu behar Txetx bertako erreferentzia garrantzitsu bat dela. Beste behin, planteamendu demokratikoen bidez herri honen gizarte-aldaketaren alde lan egiten duten lagunak kriminalizatu nahi izan da".
Gaur Baionako herriko etxearen aurrean 18:30ean elkarretaratzea egingo dute atxiloketak salatzeko.
Morio kazetaria da -Radio Paiskoa- eta Anaram au Patac taldeko kidea. Talde honek biharko elkarretaratzea deitu du; Paueko Auzitegi aurrean egingo dute.
Atxiloketa
Jean Noel Etxeberri 'Txetx' atxilotu du Frantziako Poliziak, Baionan
Askatasunak dioenez, 2004ko atxiloketa batzuekin du lotura gaurkoak. Jaques Morio militante independentista okzitaniarra ere atxilotu du, Pauen. Ipar Euskal Herrian ELAk eratutako Robles Arangiz Fundazioko arduraduna da Etxeberri. ELAren ustez, "atxiloketaren helburua Iparraldeko mugimendu abertzalea beldurtzea da".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu