Jean Philippe Schmitter: "Krisiaren irteera teknokratak ez dauka zilegitasun sozialik"

2013ko irailaren 6a
09:48
Entzun

Europako Batasunaren (EB) eta Hego Amerikako herrialdeen integratze prozesuei buruz luze ikertu du Florentziako Europako Unibertsitatean politikako ikertzaile den Jean Philippe Schmitter-ek (Washington, AEB, 1936). Aste honetan Bilbon izan da Globernancek antolatutako Euroaren krisi osteko Europa: zilegitasuna, demokrazia eta justizia nazioarteko kongresuan. Bertan, euroak, EBk eta demokraziak gaur egun duten krisia hartu du hizpide. Orain arteko krisiek EBren integrazioan sakontzen lagundu dutela dio, eta egungo krisiak batasun politikorako balio dezala eskatu du.

Krisiak EB gehiago batzeko baliagarriak direla diozu. Nola?

Orain arte, krisiak eraginkorrak izan dira Europaren integraziorako. Krisi egoeran entropiarako edo bakoitza bere aldetik joateko joera dago, eta hori apurtu egin da. Bat egite prozesua hasi zenetik, hainbat krisi egon dira, eta bakoitzaren amaieran integrazio maila areagotu egin da.  Eta orain arte sekula ikusi ez den bezala, gainera: indarkeriarik erabili gabe. Baina bat egitea nolakoa izan da? Batetik, EBko erakundeek indarra handitu dute, eskuduntzak areagotuz. Era horretan, herritarrekiko zilegitasuna ere hazi egin da. Horri integrazioa deitzen diot. Bestetik, eginkizun berriak areagotu egin dira, beste politika publiko bat gauzatzeko. Horren adibidea da, esaterako, diru batasuna. Eta horri kooperazioa deitzen diot.

Baina krisia areagotzeko edo apaltzeko balio du bat egiteak?

Biak izan daitezke. Baina politikariek ez dakite zer egiten duten kooperaziorako akordioak egiten dituztenean. Alde horretatik, diruaren bat egitea porrot ikaragarria izan da, aurreikusi ez diren kalkulu eta ondorio kaltegarriekin.

Hainbeste non euroa bera ere arriskuan dagoela baitiozu.

Hala da, baina akordio bat egin zen bere garaian, eta perfektuak ez ziren arau batzuk onartu zituzten ondorioak zeintzuk izango ziren jakin ere egin gabe. Eta kalteak iritsi dira, baina batez ere hegoaldeko herrialdeentzat. Era berean, iparraldeko herrialdeentzako onurak ekarri ditu diru batasunak. Krisi honek lehenengo aldiz EBko herrialdeen artean bi talde sortu ditu. Eta talde horietako bakoitzean ere garapenaren araberako banaketa dago. Beraz, ultrakrisi bat dagoela esan daiteke gaur egun, eta horretan irabazleak eta galtzaileak daude. Iraganean geratutako kontua zela eman dezake, baina ez da horrela gertatu.

Euroaren sorrera bera kritikatzen duzu, beraz?

Ez dut hori esan nahi. Bere garaian sortu zen bezala sortu zen. Berlingo Harresia erori ondoren, ekialdeko Alemania mendebaldekoarekin elkartzeak berekin zekarren EBra ere bateratzea. Horretarako baldintza gisa markoa bertan behera uzteko eskatu zuten Frantziak eta Erresuma Batuak. Beraz, euroa prozesu horren ondorio da. Prozesuak gehiago iraun izan balu, diru bateratzea egokiagoa izango zen. Baina ez zen horrela gertatu, barneko testuinguru jakin baten ondorioz sortu zen euroa. Orain, ordea, finantza krisia kanpokotik iritsi da, AEBetatik.

Sorburu bikoitza izan du euroaren krisiak.

Hala da, eta horrek egin du krisi hau berezi eta aurreikusteko zaila. Hala ere, nik teoria bat ondu nuen 70eko hamarkadan, eta gisa honetako krisi bat aurreikusten nuen. Traszendentziaren krisia deitu nion. Hau da, krisi honekin bateratze ekonomikotik politikora igaro beharko litzatekeela nioen. Izan ere, orain arte EBren bateratze prozesua ekonomikoa eta soziala izan da soilik.

Eta nola egin beharko litzateke bateratze politiko hori?

Bi modutan. Batetik, finantza sistema bateratu bat beharrezkoa da; hau da, EB mailako aurrekontuak izango lituzkeen azpiegitura sortu behar da. Bestetik, Europa mailako benetako alderdi politikoak ere sortzea ezinbestekoa da.

Bateratze politikoak nola eragingo zion egoera ekonomikoari?

Krisiaren irteera bide horretatik iritsiko da. Nik aurreikusi nuen EBk eskuduntza gehiago eskuratu beharko lituzkeela; hau da, integrazio maila handiago bat. Baina arazo bat dago: eskumen horiek nola banatu. Izan ere, orain aldarrikatzen ditudan eskumen horiek teknokraten esku daude, ekonomian espezializatutako burokrazia baten esku. Eta horiek ez daukate inongo zilegitasunik. Are okerragoa dena, demokraziari dagokionez zilegitasun negatiboa daukate. Horregatik, krisiaren irteera teknokrata gaixotasuna bera baino okerragoa izan daiteke, zilegitasun sozialik ez duelako izango. Piztia politiko bat sortzen ari dira, eta hori herritarrek onartzea zaila izango da.

Italian eta Greziaren kasuan garbi geratu da hori, ala?

Bai, baina nazio mailako gobernuak orain teknokratak direla ere esan daiteke, alderdi politikoek bere talde eragileak baitauzkate. Baina bai, Italian eta Grezian ikusi da gobernu teknokratek ez dutela funtzionatzen, oinarri sozial bat behar dutela. Denbora baterako onar daiteke, baina epe mugagabean ez, zilegitasunik ez dutelako.

Hori guztia ikusita, itxaropentsu zaude krisiaren amaierarekin?

Bai... Tira... Hainbat neurri hartuta daude, baina eraginkorrak izango diren, hori beste kontu bat da. Gainera zilegitasunaren kontua ere hor dago. Erabaki teknokratikoak izanda, zaila ikusten dut irteera. Eta amaituko balitz ere, etorkizunean beste krisi bat iritsiko zaigu, ziur.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.