1. Zer interesekin begiratzen diezu hauteskunde horiei?
2. Bakegintzan eta normalizazio politikoaren bidean aitzina egiteko balioko al dute?
3. Ipar Euskal Herrian eraginik izango al dute emaitzek?
1. Unibertsitateko irakasle eta Ipar Euskal Herrian bizi den herritar gisa, garrantzi handiko hauteskundeak iruditzen zaizkit, eta hurbiletik segitzen ditut. Batetik, herrietako bozekin hasitako eta legegileekin segitu den bilakaera politikoa mamitzen ahal dutelako aterako diren emaitzek. Boterean den gehiengoaren aldaketa ahalbidetzen ahalko dute, gutxiengoan den gaur egungo koalizioaren kanporatzearekin eta karta politikoak berriz banatuz, berriz oreka bat eginez EAJ eta EH Bilduren artean.
2. Hauteskunde horien emaitzek zundaketak baieztatzen badituzte, normalizazioa eskatzeko dagoen presio soziala oraindik azkartuko du. Bi abantaila izan ditzakete hauteskunde horiek. Batetik, berriz tokiko errealitatea erakutsiko lukete, gaur egun faltsutua delako PP eta PSOE alderdien artean den naturaz kontrako aliantzarekin eta ezker abertzaleari debekatua zitzaiolako hauteskundeetan parte hartzea. Errealitate politikoa da agertuko, beraz. EH Bilduk emaitza onak lortzen baditu, agertuko da ezin ukaturiko sostengua daukala bidean den bake prozesuak eta gatazkari begira aterabide politiko bat aurkitzeko ordua dela. Ez dut uste anitz aldatuko duenik Espainiaren postura, baina berriro ere argiki erakutsiko da Euskal Herrian egoera erabat aldatu dela, eta horri begiratu beharko dio Espainiak.
3. Hauteskundeak garrantzitsuak dira, bai Ipar Euskal Herritik begiratuta, bai Frantziatik. Burujabetasunaren aldeko gehiengoa nagusitzen baldin bada, eta honetan EH Bilduk oso emaitza onak baldin baditu, ondorioak izanen dira hemen ere, dudarik gabe. Adibidez, agertu da euskal lurralde elkargoari buruzko eztabaidan, anitz eragile politikok argiki lotu dutela ezagupen instituzional behar hori Aieteko Adierazpenarekin, bortizkeriaren bukaerarekin eta bake prozesuarekin. Beraz, ezinezkoa da Hego Euskal Herrian gertatzen dena ez kontuan hartzea hemengo, hau da, Ipar Euskal Herriko errealitatean.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Galdera zuzena
Jean-Pierre Massias. Irakaslea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu