Espainiako Gobernuak eta EAJk hitzartutako akordioa "Euskadirentzat zein Espainiarentzat" mesedegarri izango dela azpimarratu du Patxi Lopez Jaurlaritzako lehendakari sozialistak, itun horren gainean egin duen lehen adierazpenean. Izan ere, hitzarmenean krisiari aurre egiteko elementu eta tresnak jasotzen direla uste du, eta, horrez gain, arlo politikoan, jeltzaleak "joera subiranistatik" urrundu eta Estatutuaren bidera ekarri dituela.
Lopezek Bilbon esan duenez, akordio horren bidez indarrean den marko juridiko-politikora "itzuli" dira jeltzaleak, lehenagoko haustura jarrerak baztertuta, eta hori ona da giro politikoa lasaitzeko eta"normalizatzeko". Era berean, akordioa Jaurlaritzan PSE-EE dagoelarik gertatu dela nabarmendu du Lopezek, eta faktore hori lagungarri izan dela akordioa gauzatzeko.
Urkullu: "Euskadiren interesak irabazle"; Egibar: "Ezker abertzalearen parte-hartzea mahai gainean jarri da"
Jeltzaleak ere pozik agertu dira akordioaren biharamunean, baina bestelako argudio batzuk emanez. Iñigo Urkullu EAJko presidenteak azpimarratu du 20 eskumenen eskualdatzaren bidez "Euskadiren interesak" direla irabazle, eta jeltzaleena dela horren meritua. Era berean, ituna ez dela legealdi hitzarmen bat zehaztu du, eta EAJren "azken geltokia" ez dela estatutua.
Joseba Egibar GBBko presidentea ere mintzatu da bere alderdiak eta Zapateroren Gobernuak lortutako hitzarmenaz,baina Urkulluk ez bezala, arlo politikoan egin dezakeen ekarpena nabarmendu du. Izan ere, Egibarren Radio Euskadin agertu duenez, bakegintza eta normalizazio politikoa ere mintzagai izan dituzte negoziazio mahaian, eta, gai horien artean, ezker abertzaleak hauteskundeetan parte hartzeko aukera. Egibarren arabera, EAJk mahai gainean jarri du Euskal Herriko gatazkan aldaketak gertatzen ari direla, eta aldaketa horiek mamitzen joanez gero urratsak egin beharko direla. Pauso horietako bat litzateke ezker abertzalearen parte-hartzea ahalbidetzea. GBBko buruak zehaztu du arlo horretan ez dela itunik egin, baina auzia mahai gainean dela.
Balorazio gazi-gozoa beste alderdiek
Gainerako alderdiek balorazio kritikoagoak egin dituzte. PPk, esaterako, jeltzaleen, eta, oro har, abertzaleen menera jartzea egotzi dio Zapateroren Gobernuari. Aralarrek, berriz, "subiranismoa" ahanztea egotzi dio EAJri, eta kritika bertsua egin dio EAk ere. Pello Urizar EAko idazkari nagusiaren arabera, eskumen horien eskualdatzea ona da baina ez da lorpen bat, berez eskubidea delako, eta duela 31 urte gauzat behar zelako. EBk, berriz, gizarteko sektore behartsuenak baztertzen dituen aurrekontuak hitzartzea leporatu die sozialistei zein jeltzaleei.
Espainiako Gobernuaren eta EAJ-ren arteko akordioa
Jeltzaleek "joera subiranista" utzi dutela nabarmendu du Lopezek
Zapateroren Gobernuarekin aurrekontuen eta eskumenen inguruan lortutako akordioarekin bidez indarrean den marko juridiko-politikora "itzuli" direla iritzi dio Jaurlaritzako lehendakariak. Negoziazio prozesuan ezker abertzalea hauteskundeetan izateko aukeraz mintzatu direla esan du Egibarrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu