Duela urte erdi aurkeztu zuten Gipuzkoa Berdinago egitasmoa, jendaurreko agerraldietan euskarari pisu handiagoa emateko helburuarekin. Sei hilabeteko prozesua egin dute zein hizkuntza irizpide erabili adosteko, eta dokumentu bat taxutu dute. Adostutako irizpideen artean, besteak beste, hauek daude: bozeramaile euskaldunak lehenestea, prestakuntza ematea, agerraldietara kazetari euskaldunak bidaltzeko eskatzea, eta azalpenak bi hizkuntzetan ez errepikatzea.
Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatu du egitasmoa, eta Soziolinguistika Klusterrak bideratu du. Honako eragile hauek daude tartean: Adegi, Basque Culinary Center, Bera-Bera Eskubaloia, Deustuko Unibertsitatea, Donostiako Udala, DYA Gipuzkoa, EHU, Eibar futbol taldea, Reala, Laboral Kutxa, Kaiku, Kutxabank, Kutxa fundazioa, Mondragon, Mondragon Unibertsitatea, Fagor Taldea, CAF eta foru aldundia bera. Dokumentuan adierazi dute zer “konpromiso” hartzen dituzten jendaurreko jardunean euskara ikusgarriago egiteko.
Izan ere, Markel Olano ahaldun nagusiak ohartarazi du Gipuzkoan euskararen ezagutzak daukan proportzioarekin ez datorrela bat eragileen euskarazko jarduna. “Desoreka” hori gainditu nahi dute, hortaz.
Adostutako dokumentuak dioenez, eragileek hitzeman dute euskara “lehenesteko” neurriak hartuko dituztela. Esaterako, hauek:
1. Hizkuntza irizpideak. Jendaurreko komunikazioetan aurrez pentsatuko dute hizkuntzek zer leku izango duten. Eledunengan eragingo dute irizpideen “funtzioaz eta garrantziaz” jabetzeko. “Eledun lanetan aritzeko profilei dagokienez, euskaraz komunikatzeko gaitasuna daukaten eledunak lehenetsiko ditugu”.
2. Trebakuntza. Jendaurrean euskaraz aritzeko prestakuntza emango dute eragile horiek. Hiztegi teknikoa behar den kasuetarako ere izango da prestakuntza.
3. Hedabideak. Komunikabideekin hitz egingo dute hizkuntza praktika “orekatzaileak” bultzatzeko. Agerraldiei dagokienez, eskatuko dute euskaraz ulertzen duten kazetariak bidaltzeko, eta bermatuko dute edukiak euskaraz egongo direla: oharrak, txostenak...
4. Oreka. Dena bi eleetan egitea eragotziko dute. “Azalpenak ez ditugu bi hizkuntzetan errepikatuko; hori izango da irizpide nagusia: hizkuntzen arteko oreka errepikapenik gabe bermatzea”. Bi hizkuntzetan errepikatzekotan, lehenbizi euskarazkoa egingo dute. Galderei dagokienez, lehenbizi euskarazkoek izango dute txanda. Egindako hizkuntzan erantzungo dituzte galderak.
5. Ekitaldi publikoak. Ekitaldietan aurrez adostuko dute hizkuntzen erabilera. “Hartzaile mota edo gaiaren arabera erabakiko dugu aurkezpenak edo oharrak zein hizkuntzatan egin: euskaraz, euskaraz eta gaztelaniaz, edota hizkuntza gehiagotan”. Hizkuntza bat baino gehiago erabiltzekotan, euskara lehenik.