Bilboko Udalak deituta, elkarretaratzea egin da gaur eguerdian udaletxearen aurrean atzo Santutxu auzoan jazo zen gertakaria salatu eta Kepa Mallea hildakoaren familiari babesa emateko. Jende andana bildu da, 200 herritar baino gehiago, eta horien artean, besteak beste, Iñaki Azkuna alkatea eta Udalaren gainerako ordezkariak izan dira.
Juan Luis Ibarra EAEko Justizia Epaitegi Gorenaren presidentea ere izan da, baita Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Barne sailburua. Azken horrek esan du erasotzailea "burutik eginda" zegoela erasoa burutu zuen unean, eta hori frogatu dutela.
Zaurituak, ospitalean
Bilboko Santutxu auzoko atzoko erasotik oraindik lau emakumezkok ingresatuta eta larri segitzen dute, baina haietako bik onera egin dute, Bilboko Basurtuko eta Barakaldoko Gurutzetako erietxeetako medikuek gaur goizean jakinarazi dutenez. M.M.V. (21 urte; Basurtun dago) eta A.M.P. (47 urte; Gurutzetan dago) dira hobera egin dutenak.
E.V.U.-ri (20 urte; Basurtun dago) bart ebakuntza egin diote, baina haren egoera ez da larriagoa. A.M.Z.-rena (30 urte; Gurutzetan dago) ere ez. Berritasun nabarmenik ez bada, medikuek gaur 18:00ak arte ez dute beste informaziorik emango.