Egun handia da gaur Zumarraga eta Urretxun, Santa Luziako azokaren eguna. Hotzari aurre eginez, jendetza bildu da bertan. Ganadu, barazki eta fruten sariketak izan dira goizean, eta nekazaritza tresnak eta eskulangileen lanak ere izan dira ikusgai. Eguerdian herri kirolak eta arratsaldean pilota partidak izango dira. Guztira, 506 salmahai jarri dituzte aurten —328 Zumarragan, eta 178 Urretxun—, iaz baino hamar postu gehiago.
Baserritarrak oro har kexu dira azken urteetan bezala krisia nabaritzen delako. Maria Jesus Erezumak etxean egindako eztia, kremak eta xaboiak saltzen ditu. "Zerbait ari gara saltzen, baina kosta egiten zaigu. Jendearen artean poltsa gutxi ikusten dira". Pablo Arroyo ganaduzalea ere ez dago gustura. "Jendeak galdetu bai, baina saldu ez da batere saltzen. Ez dago dirurik". Urtero azokan gero eta ganadu gutxiago ikusten dela gaineratu du Arroyok, eta azokan animaliak saltzea galbidean dagoela.
Aurtengo berrikuntza show cooking-a izan da. Euskal Herriko produktuak erabilita hainbat plater prestatu dituzte jendaurrean hainbat sukaldarik kalean, eta ikusleek dastatzeko aukera izan dute, gero. Sonia Tapia sukaldariak gidatu du saioa, eta Zumarragako Kabia jatetxeko Juanma Hurtado, Ormaiztegiko Kuko jatetxeko Iker Martinez, Oñatiko Etxe Aundiko Elo Lartxa eta Mirandaolako Joseba Izagirre sukaldariek ere parte hartu dute. Horrez gain, Bertatik Bertara ekimena ere antolatu dute. Eskualdeko sei herri biltzen ditu egitasmoak, eta herri horietako baratzeko produktuen zabalpena errazteko helburua du.