hezKUNTZA

Jende askok aldarrikatu du Bilbon hezkuntza sistema nazionala

EHBE Euskal Herriak Bere Eskolak antolatuta manifestazioa egin dute. Espainiako eta Frantziako gobernuen "inposaketa" dela-eta, "kezkatuta" agertu dira.

2010eko martxoaren 13a
19:25
Entzun
Inposaketarik ez! Euskal Herriak Bere Hezkuntza goiburupean manifestazioa egin dute gaur Bilbon, EHBE Euskal Herriak Bere Eskola herri ekimenak deituta, eta jende asko bildu da, milaka batzuk. Arriaga plazatik abiatu da mobilizazioa, 17:30ak pasatxo zirela, eta burua 18:15ean heldu da bukaerara, atzera Arriagara. Jai giroan ibili dira: bertsolariekin, perkusio taldeekin...

Ikasle bat, irakasle bat, guraso bat eta EHBEko kide bat mintzatu dira bukaerako ekitaldian. "Euskaraz eta Euskal Herria ikasteko eskubidearen alde borrokatzen naiz", esan du ikasleak. Irakasleak aitortu du "aztoratuta" dagoela; "izan ere, hemendik aurrera 'Euskal Herria' hitza debekatua egongo da testuliburuetan eta ingelesak euskarak baino gehiago balioko du gure herrian, euskararen herrian". EHBEk salatutako inposaketa dela-eta, gurasoa bere alaben "etorkizunaz kezkatuta" azaldu da.

Hezkuntza sistema propioa aldarrikatu du EHBEko kideak, eta salatu Espainiako eta Frantziako gobernuen jokabidea. "Belaunaldi berrien erdalduntzea nahi dute, Euskal Herriaren existentziaren ukapena, ikasle sumisoak ekoiztea, haur eskolak haur-aparkaleku bilakatzea, testuliburuetatik Euskal Herriaren kontrako sorgin-ehiza abiatzea... Egoera okerrera doa, azkenaldian gero eta gehiago dira euskal hezkuntzaren aurkako erasoak".

Dena dela, azken urteetan hezkuntza sistema nazionalaren alde aurrerapausoak eman dituztela azpimarratu du EHBEko kideak. Kasu, euskal curriculuma aipatu du -"ezbairik gabe, XXI. mendeko euskal irakaskuntzaren erronkarik handiena izango da-. Euskal Unibertsitatearen proiektua ere aipatu du. Ikasle, hezkuntzako langile, guraso eta "bereziki, herritarrei" sistema propioaren aldeko lanean atzerapausorik ez emateko eskatu die.



Urtarrilaren 16an "hezkuntza sistema nazionalaren alde" dauden ikasle, irakasle-hezitzaile, guraso eta herritarrek Donostian egindako batzarrean deitu zuten gaurko manifestazioa. Sarasateko Adierazpenarekin bat egin dutela azpimarratu zuten orduan, "Euskal Herriak bere hezkuntza izateko duen eskubidea jasotzen duelako eta euskal herritarrarentzat errespetua eskatzen duelako".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.