Mundu guztian ezagunak diren neurrian, oso jendetsuak dira Iruñeako sanferminak; baina asteburua heltzen denean bereziki jendetsuak dira. Iaz, uztailaren 6a larunabata izanik, bi asteburu tokatu ziren bederatzi eguneko festa egutegian; aurten, berriz, igandean hasi dira sanferminak; beraz, asteburu bakarrean pilatuko dira Iruñera joan nahi eta asteburua aukera bakar duen jendearen bisitak.
Autobus konpainiek areagotu egingo dituzte haien zerbitzuen maiztasunak, eta hamaika autobus iritsiko dira hainbat lekutatik; horrez gain, autoz joango direnak ere hainbeste izango dira. Eguraldia ere lagun izango dute Iruñera iristen direnek; gaur arratsalderako euri pixka bat iragarrita badago ere, gauez ateri izango dela dio pronostikoak. Bihar ere eutsiko dio, goizeko tanta batzuk gorabehera; ez da eguraldi bikainik izango, baina kalean egoteko giro aproposa egongo da.