17:30ak pasatxo hasi da Donostian Gipuzkoako azpiegitura handien aurkako manifestazioa. Hotzari eta eguraldi kaskarrari aurre eginez, jende ugari bildu da manifestaziora. Antolatzaileen arabera, 2.000 lagun bildu dira manifestaziora.
Antolatzaileek "beste gizarte eredu bat" aldarrikatu dute Gipuzkoarentzat; hori posible izan dadin herritarren parte hartzea beharrezkoa dela nabarmendu dute.
Gaur egun dagoen eredua ere salatu dute, ingurumenari eragiten dizkion kalteak aintzat hartuta. Pasaiako portuaren, AHTren eta Zubietako erraustegiaren aurkako leloak eraman dituzte partehartzaileek bidean. Martxaren amaieran parodia bat egin dute Bulebarreko kioskoan, "Eusko Jaurlaritzaren betoi politika" salatuz.